Kantu Zaharren Eguna azaroaren 24an eginen da Dantxarineako Lugarana jatetxean

Artxibokoa 2007ko urriaren 31

Orain dela bi urte Elizondoko Lur dantzalekuan egindako Kantu Zaharren Egunak arrakasta haundia izan zuen. Tartean aurpegi ezagun andana ikusi ahal izan genituen; argazkian, bertzeak bertze, Pantxoa e

Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek

Aitzineko urteetako arrakasta ikusita, Kantu Zaharren Eguna eginen da heldu den azaroaren 24an Dantxarinean, Benta Peion, Lugarana jatetxean. Duela bi urte Elizondoko Lur dantzalekuan egin zen, eta joan den urtean Lugarana jatetxean. Aurten ere hala erabaki dute antolatzaileek. Kantua euskal kulturaren zati garrantzitsua eta oraindik hagitz zabaldua den ohitura dela iritzita, Angel Mariezkurrena Sunbillan bizi den eratsundarrak egun osoko egitaraua antolatzen ibili da burubelarri. 14:00ak aldera bildu eta bazkaria eginen da. Bazkalondoan, berriz, mahainguruan kantatzeko ohitura galdu ez dadin, kantu zaharrekin hasiko dira, eta 20:00etan berendu-afaria eginen da. Egun horretarako propio kantu zaharrekin egindako liburuxkak ere banatuko dira, kantua ezagutu ala ez guztiek kantatzeko aukera izan dezaten. Liburuak dohainik banatuko dira hurbildutakoen artean baina bakoitzak bere borondatea utzi ahal izanen du.

Urriaren 22az geroztik txartelak salgai daude, eta lehenbailehen eskuratzea aholkatu du antolatzaileak. Aipatutako jatetxean 350 bat lagunentzako lekua egonen da bazkaltzeko. 50 euro ordaindu beharko dute parte hartu nahi duten guztiek, eta prezio horretan bazkaria, bazkalondoko kantu giroa eta afari-berdendua sartuak daude. Autobusak ere paratuko dira, 10 eurotan. Txartelak Dantxarineako Benta Peio harategian (948 599400), Sunbillako kanpinean (948 450540) eta Elizondoko Antxitonea trinketean (948 581807) daude salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun