Telefono zerbitzurik gabe berriz ere

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

Bertze behin telefonoen zerbitzurik gabe daude Urdazubin irailaren 26az geroztik. Dagoeneko aurten laugarren aldia da, urte hasieratik sakeleko zerbitzuan zein ohiko telefonia zerbitzuan bertze hiru mozketak izan baitira. Aldi honetan, Movistar konpainiako sakeleko telefonoen jabeak irailaren 26az geroztik koberturarik edo estaldurarik gabe daude, eta ohiko telefonoetan dei batzuk baino ez dira egin.

Ez da lehenbiziko aldia telefonia zerbitzurik gabe gelditzen direla herrian. Urtarrilean, otsailean eta martxoan luze iraun zuten hiru mozketa egon ziren, eta Telefonica enpresak hala onartu zuen. Gaia Espainiako Parlamentura ailegatu zen, eta Gobernuak «eguraldi txarraren ondorioz» izan zirela erantzun zuen. Mozketak saihesteko, Gorramendin antena berria paratuko zela erran zen, baina Urdazubiko Udalak horren inguruko inongo jakinarazpenik ez duela jaso azaldu digute. Herritarren kalterako eta haserrerako arazoek segitu egiten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun