Bertze behin sakeleko telefonoen zerbitzurik gabe daude Urdazubin joan den asteazkenaz geroztik. Dagoeneko aurten laugarren aldia da, urte hasieratik sakeleko zerbitzuan zein ohiko telefonia zerbitzuan mozketak egin baitira. Bere garaian, Telefonicak ere hala onartu zuen. Aldi honetan, ordea, sakeleko telefonoen jabeak dira kaltetuak, irailaren 26az geroztik koberturarik edo estaldurarik gabe daude. Irailaren 27an ordu batzuz euren funtzionamendura itzuli omen ziren sakelekoak, baina berehala, zerbitzurik gabe gelditu ziren.
Ez da lehenbiziko aldia telefonia zerbitzurik gabe gelditzen direla herrian. Urtarrilean, otsailean eta martxoan luze iraun zuten hiru mozketa egon ziren, eta Telefonica enpresak berak ere hala onartu zuen. Gaia Espainiako Parlamentura ailegatu zen, eta Gobernuak “eguraldi txarraren ondorioz” izan zirela erantzun zuen. Espainiako Ministerioak Telefonicari gertatutakoa azaltzeko txostena eskatu zion, eta enpresak “eguraldi txarrak eta eskualdeko orografia zailak konponketak zaildu” zituela argudiatu zuen. Horren harira, Gorramendin antena berria paratzeko erabakia hartu zen, Argaindoita eta Otanarteko estazioen artean. Antena egun hauetan paratzekoa zen telefonia zerbitzuaren mozketak saihesteko, baina herritarren haserrerako arazoek segitu egiten dute.