Telefonicak radioenlaze bat jarriko du Gorramendin

TTIPI TTAPA 2007ko ira. 12a, 15:42

Espainiako Telefonica konpainiak Gorramendin radioenlaze berri bat jarri nahi du, Argaindoita eta Otanarte artean, Urdazubi eta Zugarramurdin, urtarrila, otsaila eta martxoan izan ziren arazoak ekiditeko. Hirutan argindar mozketak egin behar izan zituen konpainiak.

Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak galdera egin zuen kongresuan gai honen inguruan eta honi erantzunez, lan hauek gauzatuko zirela bermatu zuten.
Argaindoita eta Otanarte artean jarriko den radioenlazearekin Gorramendiko estazioa den arazo gunea ekidingo da eta hala, Urdazubiko zentralaren zerbitzuak ez du inolako arazorik jasango.

Gehigarri moduan, eta Gorramendiko estazio basea indartzeko, argindar hornidura mozketak eta gertakari atmosferikoen aitzinean, epe labur batean zenbait hobekuntza egingo dira. Talde elektrogeno bat jarriko da, gaitasun handiago duten bateriak jarriko dira eta tentsiogaindiko kargadoreak jarriko dira segurtasun handiagoa izateko eskualdean izaten diren deskarga atmosferikoen aurrean.

Telefonica konpainiaren arabera, zerbitzuaren mozketak gertatzen dira Arizkungo estaziotik Gorramendiko estazio baserako tartea 3 radioenlazeek sustengatzen dutelako. Gorramendiko estazio baseak Otanarteko estaziotik argindarra hartzen du eta biak ere mendian kokatuta daude, eta maiz eta sarri elurra botatzen du eta ekaitzak izaten dira.

Uxue Barkos diputatuak industria eta energia ministerioari eskaera egin zion Telefonicari eskatzeko neurriak har zitzan Urdazubi, Dantxarinea eta Zugarramurdin gertatzen diren matxurak ekiditeko. Uxuek aipatzen zuen Dantxarineko merkatal guneak eragin izugarria duela eskualdeko ekonomian eta honek eragin larriak ekar ditzakeela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun