Zugarramurdiko leizeak berrireki dituzte

ttipi-ttapa 2007ko eka. 15a, 12:52

Sarakoak, aldiz, abendua arte hetsita egonen dira guttienez

Joan den maiatzaren 4ko uholdeen ondotik hetsita egon diren leizeak joan den larunbatean berrireki dituzte. Sarako leizeak aldiz guttienez urte hondar arte hetsita egonen dira.

Eskualde horretan Nafarroako Gobernuko zerbitzuek duten euria neurtzeko azpiegituraren arabera, maiatzaren 4ko lehen orduetan metro kuadroko 206 litro ur erori ziren. Horrek ondorio handiak sortu zituen, eta Zugarramurdiko zein Sarako leizetan kalte adierazgarriak izan zituzten zolan, zubietan, eta ikus-entzunezko sisteman.

Kalte handiak izan baziren ere, 37 egun lanean buru belarri aritu ondotik Zugarramurdiko leizeak berriz ireki dituzte joan den larunbatean. Hilabete pasatxoz, 25 bat lagunez osatutako taldeak urak eragin zituen kalteen konpontzen aritu da. Hasteko leizea garbitu behar izan dute, barnean gelditu ziren, lur, harri, zuhaitz eta gainerakoak kenduz.Gero, urratuak ziren azpiegiturak berritu dituzte, hala nola argi sistema, zubiak, pasabideak, paretak eta zola bertzeak bertze. Horretarako 150.000 euro inbertitu behar izan dituzte. Erran bezala, larunbatean zabaldu dituzte ateak eta lehen asteburuan dagoeneko 350 lagunek bisitatu dute berri kutsua hartu duten leizeak.

Saran urte hondarrerako espero dute berrirekitzea

Sarako leizetan ez dute hainbeste suerterik izan eta, aurreikuspen baikorrenek, urte hondarreko berrirekitzea ikusten dute. Zugarramurdikoak baino hertsiagoak dira eta, beraz, makinen lana zailagoa izaten da. Bestalde, ikus-entzunezko sistema aitzinatuagoa zen eta hunen konpontzea luze joko du. Bere formarik arruntenean udarako prest egoten ahal bazen ere, hondatuak izan diren gauza guziak behar den bezala konpontzea eta abenduan edo urtarrilean dena berrituta hastearen apustua egin du Sarako Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun