Rafa Maritxalar izan zen azkarrena joan den larunbatean Urdazubin jokatu zen VII. Kontrabandisten Lasterketan. Lesakarrak denboraldi hasiera huntan hagitz sasoi onean dagoela konfirmatu zuen orain arte Fernando Etxegaraiek zuen marka minutu eta 4 segundoz hobetuz.
Urdazubiko kontrabandisten lasterketak 8km luze ditu Xaretako mendietan barna aipagarrienak Azkar eta Argondarieta direlarik. Abuztuan egiten den Sarakoaren antzera, lehen 250mtan 15kg zakuak eraman behar dituzte parte hartzaileek. Rafa Maritxalarek 39 minutu eta 36 segundo behar izan zituen ibilbidea betetzeko. Lehen parte hartzea zuela eta, denbora hunekin ordu arte 40 minutu eta 40 segundotan zegoen Fernando Etxegaraien marka guztiz hautsi zuen.
Helmugaratu zen bigarrena, Igantziko Patxi Irazoki izan zen, eta hirugarrena Ramuntxo Lamothe saratarra. Orotara 50 bat lasterkarik parte hartu zuten, eta Manttale Mendi Taldeak ordezkaritza polita eraman zuen baita emaitzak lortu ere lehen 10etan taldeko 7 lasterkari sartu baitziren, aipatu bezala, Rafa Maritxalar lehen postuan, Patxi Irazoki bigarrenenean, Unai Santamaria laugarrenean, Unai Barazabal bosgarrenean, Iñigo Lasaga zazpigarrenean, Angeltxo Aranibar zortzigarrenean eta Joselu Loiarte bederatzigarrenean.