Goma Gaineko Nafarroako 4X4 Soka Tira txapelketan erabakigarria izanen zen jardunaldia larunbatean jokatu zen Urdazubin. Gizonezkoetan jardunaldia irabaziz txapela Berriozarko taldeak jantzi zuen, eta emakumezkoetan, Beti Gazte C taldekoek bigarren postua nahikoa izan zuten txapela janzteko.
Lesakako gizonek berdinketarekin nahikoa izanen zuten Goma Gaineko Nafarroako 4X4 Soka Tirako txapela janzteko, baina 2. jardunaldian bezala, Urdazubin azkarrenak Berriozarkoak izan ziren, eta jardunaldia irabaziz txapela ere eraman zuten. Beti Gazteko taldea ez zen aitzineko bi jardunaldietan bezain ongi ibili, eta jardunaldiko bigarren postua Amaiur C taldearekin partekatu behar izan zuten biak 4,5punturekin. Laugarren eta Bosgarren postuak Amaiur B eta A taldeentzat izan ziren hurrenez hurren, eta azkena, B.K.E taldeari egokitu zitzaion. Sailkapen orokorrari dagokionez, aipatu bezala txapela berriozartarrentzat izan zen, eta Lesakako gizonek txapeldunordeak gelditu ziren. Podiumeko azken eskaileran Amaiurko C taldea izan zen, eta ondotik Amaiur B eta A. Azken postua jardunaldi guzietan bezala B.K.E taldearentzat izan zen.
Emakumezkoen azken jardunaldian, Sakanakoek eman zuten ezustea, aitzineko bi jardunaldietan azken bukatu ondotik huntan gailendu ziren. Beti Gazte C taldeak txapela jantzi nahi bazuen nahitaez Burlataren aitzinean bukatu behar zuen, eta zorionez lesakarrentzat, Urdazubin hala gertatu zen. Sailkapen orokorrean haiekin batera lehen postuan zihoazen taldearen aurkako bi tiraldiak irabazi zituzten, eta Sakanaren gibeletik jardunaldiko bigarren postua lortu zuten 4 punturekin. Burlatarrak hirugarren gelditu ziren 3 punturekin. Berdinduta laugarren postuan Lesakako bertze bi taldeak izan ziren. Hiru jardunaldiak kontuan hartuz, Goma Gaineko Nafarroako 4X4 Soka Tirako Txapela Lesakako C taldeko emakumeentzat izan zen 13 punturekin. Burlatarrak bigarren gelditu ziren puntu batera, eta Sakanakoek hirugarren postua lortu zuten 7,5 punturekin Beti Gazte B taldearen aurka desberdintzerako tirada irabazi ondotik. Bost punturekin Lesakako A taldeak bosgarren gelditu zen.