III. Kantu Zaharren Eguna aitzinekoak bezain arrakastatsu

Xan Harriague 2006ko azaroaren 29a

Arratsaldean 500 bat lagun bildu ziren lehengo kantuak abesteko

Hirugarren Kantu Zaharren Eguna aitzineko biak bezain arrakastatsua izan zen larunbatean. Aurten, Lapurdiko jendeengana hurbiltzeko, eta hasieratik lagundu duten Martikorena familia eskertzeko, haien Dantxarineko Lugarana Jatetxean ospatu zuten 500 bat lagunek.

Bertan bazkaldu zutenak, guztira 300 bat lagun, ez ziren damutu. Jatetxeak otordu ederra eskaini zien, urdaiazpikoa, foie gras, otarrainskak, arrain zapoa, azpizuna antzara gibelakin, gasna eta postrea. Horiek guziekin arno beltza, xuria eta cava bertzeak bertze ez ziren faltan izan. Horretaz gozatu ahal izan zuten, beti ere kantatzetik gelditu gabe.

17:30ak zirela eta bazkaria bukatua zela, jatetxeko ateak ideki zituzten. Hori dela eta, bertze 200 bat kantuzale hurbildu ziren trago baten hartzeko, eta bidenabar kantatzeko edo lehengo doinuetaz gozatzeko. Aurtengo kantu liburu eskuan zutela, Bittoriano Gandiaga, Michel Labéguerie eta Bilintx konpositoreen kantuak eman zituzten. Gaurkoagoak diren kantari batzuen kantuak ere ez ziren falan izan, hala nola, Mikel Laboa, Natxo de Felipe, Pantxo eta Peio, Erramun Martikorena, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Tapia eta Leturiarenak bertzeak bertze. Arratsaldeko momentu hunkigarrienetariko bat, gomitatuen artean zegoen, Jaione Olazabal, Nafarroako Euskal Kantu Txapelkeatren irabazleak, Lertxundiren Baldorba kantatu zuenean izan zen. Hitzek ongi ez zekitenentzat antolatzaileek 60 bat kantu biltzen zituen esku liburua argitaratu zuten. Horren erosteko bazkaltiarrek nahi zutena ematen zuten, jakinez bildutako dirua Sunbillan egin beharra den Ramon Latasa aizkolariaren eskultura finantzatzen laguntzeko baliatuko zela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun