Aspaldiko partez, aurten Alkerdiko bestak antolatu dira. Gaur egungo bizilagun gehienek ez dugu ezagutu, bainan duela 60 bat urte Xokonea etxean firla-jokoko tokia bazegoen eta igandetan Urdazubi eta Zugarramurdikoak harat biltzen ziren firletan aritzera. Horren inguruan ere egiten omen ziren halako besta edo bedenik dantzaldi batzuk, bainan gaur egun egiten den ospakizun bakarra abenduaren 26ean da: Alkerdiko kaperan San Esteban patroinari meza bat eskeiniz. Aurten ospakizun hori borobildu nahiean, ondoko larunbaterako, abenduaren 29a, «Burkaitzea» jatetxean bazkaria antolatu da, Joxe Angel musikariarekin eta guzi. Aurtengoz hori baizik ez bada egin, antolatzaileek parte hartzera animatzen dute eta emaitzak ikusi ondotik, heldu den urterako zerbaite gehiago prestatzeko intentzioa daukatela adierazi dute (firla txapelketa bat, beharbada?).