Ez da gutxietsi behar leiho batek etxebizitza batean izan dezakeen eragina. Energiaren % 10-20 inguruk leihoetatik ihes egin dezakeela kontuan izanda, tentuz egin behar da aukeraketa. Merkatuan eskaintza ugaria da eta leihoen materialaren eta muntaketaren arabera eraginkortasun hori aldatzen dela jakinda, komeni da hainbat aholku kontuan izatea aukeraketa egin aitzinetik.
Leihoa egiteko erabiltzen den materialak bezain bertzeko garrantzia izanen du, beirak eta irekitzeko sistemak
Leihoen materiala izaten da egin beharreko lehenbiziko aukeraketa. PVCa aukeratzen dutenek, isolatzaile termiko eta akustiko onenetakoa jarriko dute. Mantentze lan gutxi behar du eta kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio bikaina du. Aluminioa ere oso eraginkorra eta iraunkorra da. Profil finagoak jartzea ahalbidetzen ditu, argi gehiago sartzeko. Zurezko leihoak ere aukera bikaina dira, estetika aldetik oso dotoreak eta isolatzaile onak dira, baina mantentze lan erregularrak behar ditu kanpoko aldetik.
Erabiliko den beira mota izanen da hartu beharreko bigarren erabakia. Adituek, gutxienez, aire ganberadun beira bikoitza jartzea gomendatzen dute. Gure inguruan negua hotza izaten denez, beira hirukoitza erabiltzea ere gomendagarria izan daiteke. Isolamendu akustikoa ere garrantzitsua da. Kale zaratatsu batean bizi bazara, lodiera ezberdineko lasadun beira laminatuak aukeratzea komeni da.
Leihoak irekitzeko sistemak ere kontuan hartu behar dira. Leiho oszilobatanteak dira hermetikoenak eta isolamendu hobea bermatzen dute. Gainera, etxebizitza modu seguruan aireztatzea ahalbidetzen dute.
Leiho on bat erosteak deus gutxirako balioko du, gero gaizki jartzen bada. Berebiziko garrantzia izanen du instalatzaileak lana txukun egin eta perimetro osoan apar poliuretanoa eta zigilatzaile espezifikoak erabiltzeak. Pertsianak jartzen diren kasuetan, kutxa bera termikoki isolatuta dagoela ziurtatzea ere garrantzitsua da, askotan hotza eta zarata hortik sartzen direlako.