Azaroak 25

«Zauria ez da sendatuko baina aitzinera egiten ikasi dut»

Ttipi-Ttapa

Indarkeria matxista jasan duen emakume baten testigantza:

«Urteetan sentitu dut gertatzen ari zena nire kulpa zela. Ez nintzen kontziente zer gertatzen ari zen. Baina orain, badakit ez zela nire kulpa, eta sufritu dudana indarkeria izan dela». Halaxe kontatu du Karmenek –asmatutako izena da–. Eskualdekoa da, seme baten ama, eta zehaztu duenez, «gaur egun, guraso bakarreko familia gara». 

«Momentu gogor eta gertakari latz aunitz» bizitu ditu: «Oihuak, mespretxuak, irainak, lepotik hartu eta altxatu ninduenekoa, paretan kolpeak, haurrarekin gertatutakoak…». Gaur, gertatutakoa kontatzea erabaki du: «Orain kontatzeko kapaz naiz». Onartu duenez, «ez da xamurra zure bizia manera honetan kontatzea», baina egoera horretan dagoen emakumeren bati laguntzen ahal diola pentsatuta pausoa eman du: «Ikus dezatela atera daitekeela eta ez daudela bakarrik». 

«Nire testigantzak indarkeria sufritzen ari den emakumeren bati lagunduko balio...»

Hamsterra gurpilean bueltaka

«Hasieran dena da goxoa, gero kri-kri egiten dizuten gauzak ikusten dituzu, baina ez duzu alarma bizteko deus ikusten, hartu dugun heziketarekin normala iruditzen zaizulako; emakumeak gure tokian mantendu behar dugula, zerbitzatzeko, zaintzeko eta laguntzeko gaudela sartu digute eta halako egoerak aguantatu behar dituzula uste duzu. Denborarekin, gero eta tentsio handiagoko egoerak etortzen dira… Baina ondotik, ‘saiatuko naiz’ erraten dizu, eta berriz hasierara bueltatzen zara. Ziklikoa da, gurpilean bueltaka dabilen hamsterra bezala, eta ohikoa dela iruditzen zaizu». Hola ibili da Karmen, «kulpa sentimendu handiarekin». Batetik, «hasieratik gertatzen ari zena moztu ez nuelako gaizki sentitu izan naiz»; eta bertzetik, ingurukoek ere hori sentiarazi diote: «'Oraingo gazteek ez duzue deus aguantatzen’ edo ‘seguru ez zenuela deus egin?’ bezalakoak aditu izan ditut».

Hasierako seinaleak

Haurdun gelditu zenean sumatu zuen egoera okertzen hasi zela. Lehenagotik ere seinale bat edo bertze izan omen ziren: «Harremanik handiena bere familiarekin izaten genuen; nire etxera joaten baginen, haserretu egiten zen edo beti bagenuen zerbait. Azkenean, egoera horiek saihestu nahi izaten nituen, eta ohartu gabe, isolatu egiten zara». Gehitu duenez, «ez dakit nola egiten duten, baina etxetik kanpo hagitz jatorrak dira».

«Zerbait gaizki zegoela ohartu arren, ez nintzen inori erratera ausartu; beldurra, lotsa...»

Haurdun gelditu zenean, «jarrera okertzen hasi zen. Paretari kolpeak, haserreak, oihuak… Gordeka, edan egiten zuen, eta arrunt zakartzen zen eta igual zitzaion zer erraten zizun. Hor ohartu nintzen zerbait gaizki zegoela, baina ez nintzen inori erratera ausartu; lotsagatik, beldurragatik, erraten banuen igual ondorioak izaten ahal nituelako…».

Ama izanda okerrago

Haurra sortutakoan, beldur sentimendua handitu zen: «'Haurrari zerbait egiten badio? Ez bada arduratzen?', pentsatzen nuen. Kezka horrekin laneko afarira ere ez nintzen joaten. Denborak erakutsi du ez dela bere burua zaintzeko gai izan, eta oraindik guttiago, haur batez arduratzeko». 

Gogoan du «behin, haurra negarrez ari zela, bere panpina hartu, hari burua hautsi eta harrika bota zuela». Bertze batean, lanetik bueltan gertatu zena ez du atzendua: «Opor eguna zuenez, haurra berarekin gelditu zen. Lanera joan aitzinetik haurrarentzat dena prest utzi nuen; arropa, jatekoa… Lanean nintzela, mugikor berri bat nahi zuela erranez eskribitu zidan. Aitzineko hilabetean bertze bat erosia zuela eta ez zuela behar erran nion». Etxera ailegatutakoan lehertu zen: «Mugikorra ez erosteko errateak frustrazio handia sortu zion, eta pila bat edan zuen. Arratsaldean, etxera ailegatu nintzenean, dena hankaz goiti ikusi nuen; haurra oraindik pijamarekin, fardelarekin, bazkaldu gabe… Irainka hasi zen, eta halako batean, lepotik hartuta, altxatu egin ninduen». 

«Haurrarengan pentsatu behar nuela erran zidaten, bere aita zela»

Osasun zentroan bukatu zuen: «Gurasoei deitu nien, eta antsietate krisiarekin osasun zentrora eraman ninduten». Baina han ere babesik ez: «Garai hartan, ez zegoen indarkeriaren inguruan gaur dagoen informaziorik, eta haurrarengan pentsatu behar nuela erran zidaten, bere aita zela». Eta tira zamarekin: «Gainerakoek lehentasuna dutela ikasi dugu, eta horrela izan zen. Ahalik eta hobekien eginen nuela pentsatu nuen. Nafarroako Gobernuaren Familiaren Orientabide Zerbitzura bideratu gintuzten, baina han ere ez zekiten indarkeria nola kudeatu. Pazientzia izan behar nuela aditu behar izan nuen, saiatzen ari zela. Eta nik, berriz ere, kulpa sentimendua. 'Arazoa ni izanen naiz', erraten nion neure buruari». Gehiago ere bai: «Lepotik hartu ninduenean, gelako atean arrastoa gelditu zen, eta ondoko lau urteetan ikusten segitu behar izan nuen. Gela horretan sartzen nintzen aldiro nire zauria irekitzen zen». 

Orientabide zerbitzura joanez segitu zuten, eta tarte horretan, aunitzetan aditu omen zuen 'Ni saiatzen ari naiz, eta zuk ez didazu lehenagoko maitasunik erakusten'. Ez nekiela konfiantza berreskuratuko ote nuen errana nion, eta nire kontra egiteko erabiltzen zuen». 

«Dena alde zuen»

Kontuak kontu, orientabide saio horietako batean jakin zuen laneko afarira joatekoa zela: «Psikologoak bazekien lehenagotik, eta ni afaria baino bizpahiru egun lehentxeago egin genuen saioan jakin nuen. Tentsio handia sentitu nuen, baina psikologoa bere alde atera zen, konfiantza berreskuratu behar nuela erranez. Eta berriz ere kulpa sentitu nuen. Kontua da laneko afarira joan zela eta hiru egunez ez zela etxera agertu. Kristoren mozkorra harrapatu zuen, eta gainera, auto istripua izan zuen». Orientabide zerbitzukoei aipatu zien, eta «berriz edaten hastea normala zela erran zidaten. Dena alde zuen».

Ez hori bakarrik. Bertze emakumezko bat bazela enteratu zen handik guttira: «Telefono faktura ikaragarriak ailegatzen hasi ziren, eta bertze norbait ba ote zuen galdetu nion. Hasieran, ukatu zidan, nire kontuak zirela. Baina azkenean onartu zuen eta bertze emakumearen etxera joan zen bizitzera».

Bananduta ere, sufrimendua

Dibortzioa sinatu zuten eta horretarako «bitartekaritza zerbitzura bideratu gintuzten, haurrarentzat hobe delako akordioa sinatzea. Ez zuen inongo arazorik izan, denari baiezkoa erran zion». Baina luze gabe, «semea orduko bikotekidearen etxera eraman behar zuela erranez hasi zen, eta prozesu hori hagitz mingarria izan zen. Gainera, berriz edaten hasi zen, orain bikotekide batekin eta gero bertzearekin ibiltzen zen, eta hagitz gogorra izan zen hamabortzero haurra berarekin joaten zela ikustea nora zihoan jakin gabe». 

Aunitz sufritu zuela dio, eta semearengan ere sumatzen zuen ezinegona: «Hamabortzero, aitarekin joan behar zuenean, nerbioso jartzen zen, eskolan eragiten zion, urtebetetze egunak kristoren ezinegona sortzen zion… Hagitz gogorra izan zen». Ez hori bakarrik. «Egun batean poliziari ere deitu nion, pertsona hark edan edo bertze substantziaren bat hartu zuela eta semea berarekin zihoala ohartarazteko. Baina ezin zutela deus egin erantzun zidaten, eta gainera, bisita erregimenean izanda, ezin niola galarazi berarekin joatea. Hura babesa!». 

«Hagitz gogorra izan da. Aunitz sufritu dut eta negar aunitz egin dut»

Sufrimendua eta kezka «etengabeak» zirela kontatuz segitu du: «Zenbat negar egin dudan… Hamaika urterekin mugikorra eman nion, aitarengana joaten zenean, bederen nirekin harremanetan jartzeko, aitak ez baitzion uzten telefonoa nirekin solastatzeko. Aitarekin zela, bizpahiru aldiz tratamendu medikua behar izan zuen, erori zelako, baina ez zidaten deus erran. Haurrak gauzak kontatzen zizkidan, baina hasieran ez nion sinesten, ametsetan ariko zelakoan, amets txar aunitz egiten zituelako. Gerora ohartu nintzen egiak zirela». 

Egun batean, semea aitarekin zela, bila joan behar izan zuen: «Aita edana zegoela, karrikan oihuka hasi zitzaiola eta jo zuela erranez deitu zidan. Ni ailegatu bitartean, 112ra deitu nuen laguntza eskatzeko, eta ezin zutela deus egin erran zidaten. Eta tarte horretan, semea ‘non zaude?’, ‘etorri faborez, gero eta makurrago dago’ mezuak bidali eta bidali. Radarrak baldin baziren, denak harrapatu izanen nituen. Azkenean, aitzakia bat asmatuta, semea etxetik atera nuen. Besarkada eman zidan». 

Lehengoaz gainera, gehiago

Ez zen hor bukatu. Indarkeria ekonomikoa hasi zen: «Pentsioa pasatzeari utzi zion. Eskerrak gurasoek lagundu zidaten… Baina etxeko gastu guziak ezin nituen nire soldata apalarekin ordaindu, eta gizarte zerbitzuetara jo nuen. Ez nuela baliabiderik izanen erran zidaten. Urte baten buruan, asteko bortz egunetan lan egitetik, zazpi egunetan lan egitera pasatu behar izan nuen. Horri esker, aitzinera atera ginen». 

Kulpa sentimendua alde batera

Urteak pasatu dira geroztik, eta gaur egun, «lasaixeago» dabilela onartu du. Bidean hartu duen laguntza eskertu nahi izan du, eta Biktimei Osoko Arreta Emateko Taldea (BOAT) eta harat bideratu zuen gizarte teknikaria aipatu ditu. «Pertsona zoragarri batek eman zidan zerbitzuaren berri eta semeari laguntzeagatik, animatu nintzen. Atea ireki zitzaidan, eta laguntza psikologikoaz gainera, pairatu dudana indarkeria izan zela ohartzeko balio izan zidan, baita kulpa ez zela nirea ohartzeko ere».

Esplikatu duenez, «hogei saiorekin ezin duzu bizitakoa sendatu. Zauri hori ez da inoiz sendatuko, baina aitzinera egiteko nolabaiteko erremintak hartzen dituzu». Horrez gain, «BOAT-ekoen txostenari esker, guraso bakarreko txartela lortu nuen». Eskualdean martxan den indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzeko babesgune terapeutikoa ere goraipatu du: «Libreki solastatzen ahal zara, inork epaitu gabe. Espazio segurua da, eta ikaragarri lagundu dit».

Gabeziak

Halere, genero indarkeria sufritzen duten emakumeei laguntzeko dauden hutsuneak agerikoak dira oraindik bere hitzetan: «Administrazioaren aldetik zailtasunak dituzu; gertatutakoa justifikatu behar duzu; normalean, etxetik ateratzen dena emakumea da, haurrekin, eta eskualdean ez dago babes etxerik; haurrek ez dute laguntza euskaraz hartzen; laguntza ekonomikoak ere badira, baina hagitz murritzak; eta profesionalek ez dute formaziorik; medikuek, psikologoek, abokatuek, administrazioko langileek… Denek genero ikuspuntua landu beharko lukete, gu bezalakoak ongi artatzeko». 

«Planak, protokoloak, talde feministak, teknikariak, babesgunea... dena behar da»

Gizartean ere gabeziak ikusten ditu: «Hemengo jendeak uste du hemen ez dela holakorik gertatzen, baina bai, hemen ere gertatzen da eta baliabideak behar dira. Genero indarkeriak aurpegi aunitz ditu eta nik uste emakume guziok noizbait indarkeria motaren bat sufritu izan dugula, emakume izateagatik bakarrik». Horregatik eskatu du begiak zabaltzeko: «Martxoaren 8an denok jauntziko dugu kamiseta morea, edo azaroaren 25ean karrikara aterako gara, baina horiek egun suelto batzuk dira; urteak 365 egun ditu, eta egunero saiatu beharko genuke indarkeria lantzen, baita hezkuntzan ere, gazteen artean indarkeria aunitz ikusten delako». Hortaz, argi du: «planak, protokoloak, berdintasun teknikariak, mugimendu feministak, babesgune terapeutikoa… dena behar da genero indarkeriaren kontra. Eta noski, kontzientzia ere bai». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun