[GUTUNA] Nafarroako euskaldunontzat burdinsaredun aukera leihoa

Ttipi-Ttapa

«Nafarroan PSNren gobernu eta udal ustez aurrerakoiek euskaldunak baztertzen dituzte». Halaxe salatu dute Euskaltzaleen Foroaren izenean, Josu Alonso eta JJ Agirrek iritzi artikulu honetan. 

Nafarroan PSNren gobernu eta udal ustez aurrerakoiek euskaldunak baztertzen dituzte.

AET-k (Administrazioan Euskaraz Taldeak) aztertu eta zerrendatu ditu euskarari (euskaldunoi) egindako erasoak. Hona hemen adibide batzuk:

PSNko Gimeno hezkuntza sailburuari, Arartekoak gogorazi behar izan dio Lanbide Heziketan (LH) euskarazko ikasketak onartzeko legezko betebeharra, eta LHko hainbat arlotan eskaria nahikoa badenez gero, euskarazko eskaintza zabaltzeko gomendioa luzatu dio… alferrik.

Kevin Lucero PSNko Burlatako zinegotzi eta Nafarroako parlamentari honek errekurtsoa jarri zuen apirilean Nafarroako Administrazio Auzitegian, eskatuz Burlatako udaleko plantillan lau lanposturi euskara eskakizuna kentzeko eta beste hogei lanpostutan euskara ez saritzeko.

Alex Lopez Orkoiengo PSNko alkateak zenbait lanpostutarako deialdiak ez ditu atera nahi izan, aurretiaz euskarazko eskakizuna kendu nahi dizkielako (berdintasun teknikariari eta kultura teknikariari, adibidez). Euskara teknikariaren lanpostua ere ez du atera, noski.

Gimeno sailburuak erabaki du, bestalde, D eta A eredua eskaintzen diren ikastetxeetan D ereduko irakasleei erdarazko klaseak ematea ukatzea (lanorduak murriztuz) eta gaztelerazko ikastorduak A ereduko zerrendatako irakasle elebakarrei esleitzea (Lekarozen, adibidez). Hala, lan baldintzak kaskartzeaz gain, ikastetxeetan euskarazko lan jarduna zailtzea lortzen du.

PSNren itzalak alderdi abertzaleei eragin die nabarmen. Iruñea, Burlata edota Zizur Nagusiko udalak horren adibide garbiak dira. Iruñeko Udalean, adibidez, %6ra ez dira heltzen (haur eskolak kenduta) lanpostu elebidunak, eta legegintzaldi honetan egin diren 69 lan deialdietatik euskara soilik bostetan izan da eskakizun, eta 62tan euskara ez da ezertarako aintzat hartu, oposizio huts bidez egin baitira meriturik esleitu behar ez izateko.

Legegintzaldi honetan euskaldunok pairatutako erasorik larriena Merezimenduen Dekretuak ekarri du baina (97/2024 Foru Dekretua, 2024ko azaroaren 22koa), Dekretuak ez baitzion Gobernuari bakarrik eragiten, baizik baita udalei ere. 1986an Euskararen Legea onetsi zenetik, udalek ez zuten mugarik oposizio lehiaketetan euskara puntuatzeko, eta askok puntuazio osoaren % 10 bitarte ematen zioten. Dekretu hau onartu denetik, gehienez ere puntuazio guztiaren % 2,1 eman ahalko zaio euskarari eremu mistoan euskara betebehar ez den lanpostuetan oposizio lehiaketak egiten diren prozesuetan. Sekulako atzerapausoa dakar dekretu horrek, urte luzez eragina izango duena eremu mistoko udaletan eta herritar euskaldunoi eskainitako arretan, euskararen prestigioan, beharrezkotasunean, eta abar, lehendik ere oso egoera zaurgarrian gauden herrialde batean.

Makurrena eragile abertzaleen erantzunik eza izan da. Soilik Mendigorriko Udalak jarri zuen errekurtsoa dekretu horren aurka («Justiziak» bertan behera utzia gainera), eta ez Geroa Baik (dekretuaren gurasoetako bat), ez EH Bilduk ez dute salatu ere egin, euskaldunontzako ondorioak hain astunak eta luzerako diren arren.

Bitxia bada ere, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea eskatzen ari dira orain Geroa Bai eta EH Bildu. Gauzak horrela, zertarako aldarrikatzen dute ofizialtasuna, egun dauzkagun aukera urriak alferrik galtzen utzi edota murrizten lagundu dutelarik?

Benetan uste dute PSN aukera leiho bat dela euskaldunontzat?

Noiz arte jarraituko dute PSN euskalfoboari baldintzarik gabeko babesa ematen?

Eta azkenik, euskaldunon hizkuntz eskubideen ardurarik badute?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun