2024an landu eta onartutako Baztan-Bidasoko Aktibazio Planaren bueltan, bertze pauso bat eman dute, eta Cederna Garalur elkarteak eta inguruko 21 udalek bultzatuta, industria indartzeko eta enpresen belaunaldi erreleboa bultzatzeko bi lan egin dituzte. IKEI Research & Consultancy eta Ekintzakoop arduratu dira lan horiek egiteaz, eta Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu ditu. Atzo aurkeztu zituzten Alkaiagan.
Azterketa horietan ondorioztatu dutenez, industriak 2.437 lanpostu sortzen ditu Baztan-Bidasoaldean eta, enpresen ia erdia jarduera uzteko arriskuan egon daitezke, errelebo faltagatik. Hala, hainbat neurri paratu dituzte mahai gainean: Alkaiagan, energia eta industriako hondakinak elkarlanean kudeatzeko proiektu pilotua, enpresa proiektuen haztegia eta 200.000 eta 300.000 euro bitarteko berme eta mikrokreditu funtsa dira proposatutako ekimenetako batzuk.
Baztan-Bidasoko industria «indartzeko, modernizatzeko eta dibertsifikatzeko» proposamena
Egindako azterketaren arabera, Baztan-Bidasoan 113 industrian ari diren enpresa dira eta sektore horretan afiliatutako langileak 2.437 dira. Datu gehiago ere eman dituzte: «Industria enpleguaren % 67,4 Bortzirietan biltzen da, eta hiru enpresek sektoreko enpleguaren % 48,1 hartzen dute. Aldi berean, aztertutako industria enpresen ia % 60k hamar lanpostu edo gutxiago dituzte».
Ez hori bakarrik, «pandemiaren aitzineko industria enpleguaren maila ez dela berreskuratu» ikusi dute. Hala, horri buelta eman nahian, 2027-2029 aldirako Industria Estrategia ondu dute eta 41 neurriz osatutako bide orria landu dute. Hauek dira proposatutako neurri horietako batzuk:
- Industrialdeen kudeaketa aktiboa, «kudeaketaz arduratuko den figura baten, hobekuntza programen eta eskuragarri dauden industria lurzoruei, nabeei eta espazioei buruzko informazio sistema baten bidez».
- Alkaiagan energia eta industriako hondakinak elkarlanean kudeatzeko proiektu pilotua, «haren bideragarritasunaren arabera gauzatuko litzatekeena, eta eredua eskualdeko bertze industrialdeetara zabaltzeko aukera izanen lukeena».
- Industria arloko enpresa ttiki eta ertainen modernizazio teknologikoa, digitalizazioan, automatizazioan eta inbertsio teknologikoetan laguntza espezializatua eskainiz.
- Baztan-Bidasoako industria gaitasunen mapa sortzea, «negozio aukerak, enpresen arteko osagarritasunak eta lankidetza proiektuak identifikatzeko».
- Enpresen, Lanbide Heziketaren eta talentu gaztearen arteko lotura indartzea, «Oronozko Lanbide Heziketako ikastetxe berriak eskainiko dituen aukerak baliatuz, ikasleekin enpresa proiektuak sustatuz eta eskualdetik kanpo ikasten ari diren gazteekiko harremana sendotuz».
- Enpresetako langileen eta jabeen belaunaldi erreleboa aitzinetik prestatzea, «ezagutzaren transmisioa eta zaintza sustatuz».
Belaunaldi erreleboa: «jarduera ekonomiari eutsi eta aukera berriak sortu»
Ekintzakoopek egindako diagnostikoaren arabera, «eskualdeko enpresen % 45-55 jarduera uzteko arriskuan egon daitezke errelebo faltagatik. Eta % 5-10ek baino ez dute errelebo plan formal bat». Horrekin batera, «lehenbiziko sektorea, merkataritza eta ostalaritza bereziki zaurgarriak» direla ikusi dute, eta «jarduera horien segida funtsezkoa da enpleguari, hurbileko zerbitzuei eta herrien bizitasunari eusteko».
2027-2031 aldirako Enpresen Belaunaldi Erreleborako Planaren proposamenean, bederatzi ardatz estrategiko eta hamabortz proiektu giltzarri bildu dituzte eta proposatutako jardueretako batzuk hauek dira:
- Enpresen belaunaldien erreleborako leihatila bakarra sortzea, «negozioen eskualdatzea errazteko eta prozesu horietan laguntza espezializatua eskaintzeko».
- Enpresa proiektuen haztegia abian jartzea, «urtean zortzi eta hamar proiektu artean sustatu eta horiei hamabi eta hemezortzi hilabete bitarteko laguntza eskaintzeko».
- Lurraldeko berme eta mikrokreditu funtsa sortzea, «200.000 eta 300.000 euro bitarteko hornidura izanen lukeena, proposamenaren arabera».
- Ekonomia Sozialeko Eskola eta eskualdeko kooperatiben sarea sortzea, «ekintzailetza kolektiboa eta zerbitzu partekatuak sustatzeko».
- Herri kooperatiba pilotu bat sortzea, «hurbileko zerbitzuak garatu eta mantentzeko formula kooperatibo gisa».
- Behar bezala baliatzen ez diren lurraldeko baliabideak aktibatzea, «erabiltzen ez diren lokalen eta lurren inbentarioa eginez, Lesakako Alondegia bezalako ekimenak sustatuz, eta 20 eta 30 hektarea bitarteko lur-banku kooperatiboa sortuz».
Atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, bi lanek agerian uzten dute «garapen ekonomikoaren eta Baztan-Bidasoko bertze erronka batzuen arteko lotura estua, hala nola, etxebizitza, mugikortasuna, prestakuntza, ekoizpen jardueretarako espazioen eskuragarritasuna eta talentua erakarri eta eskualdean atxikitzeko beharra».
Hemendik aitzinera, proposatutako jarduerak «kontrastatu, lehenetsi eta haien irismena zehaztu» nahi dituzte. Eta horretarako, «jardueren bideragarritasuna aztertu, beharrezko baliabideak mobilizatu, eta udalen, enpresen eta lurraldeko eragileen arteko lankidetza publiko-pribaturako konpromisoa zehaztu» nahi dituzte. Argi utzi dute, «erronka ez da egungo ehun ekonomikoari bakarrik eustea, baizik eta Baztan-Bidasoak jarduera ekonomikoa, enplegua, ezagutza eta talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko duen gaitasuna handitzea. Azken batean, bere etorkizuna eraikitzeko gaitasun handiagoa izanen duen eskualde baterantz aitzinera egitea».