Etxebizitza

Etxeak zaharberritzeko laguntzak urte osoan eskatzen ahal dira

Elizondoko Santiago karrikako ikuspegia.

Izan daiteke etxeko sarbidean oztopoak kendu edo igogailua jartzeko, inguratzaile termikoa hobetzeko, berokuntza sistema aldatzeko… Hori bai, berri nahi den etxeak ohiko bizitegi arrunta izan behar du, eta ez bigarren bizitokia.

Nork eskatzen ahal du laguntza?
  • Etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen duen etxejabeak.
  • Bizilagunen komunikate batek.
  • Errentan dagoenak, betiere jabearen baimenarekin.
Zer egiteko?
  • Etxearen segurtasuna eta egoera hobetzeko.
  • Obrarekin energia aurrezteko.
  • Bizigarritasuna hobetzeko (bainuontzia kendu eta dutxa jartzea, hodiak eta txorrotak aldatzea…)..
  • Irisgarritasuna hobetu eta trabak kentzeko (bereziki adineko eta elbarriendako…).
  • Bizitokiak 120 m2-ra arte handitzeko.
  • Bizitoki berriak sortzeko (zatituz eta batuz) lehendik dauden etxebizitzetan.
  • Berokuntza sistemaren efizientzia hobetzeko.
Zer baldintza bete behar dira?
  • Etxebizitza ohiko bizitegi iraunkorra izatea, inola ere ez bigarren bizitokia.
  • Etxeak 25 urte baino gehiago izatea, salbu pertsona desgaituendako egokitu edo derrigorrezko arau teknikoak betetzeko baldin bada.
  • Obraren aurrekontu babesgarria 2.000 eurotik gorakoa izatea bizitoki bakoitzeko.
  • Eskaera egitean obra hasi gabe egotea eta behin-behineko kalifikazioa datatik zenbatuta, sei hilabeteko epean hasi eta 36 hilabeteko epean bukatu beharko da. 15.000 eurotik gorakoa ez duten obra ttikien kasuan, kontsultatu epeak.
  • Dirulaguntza emateko, kontuan hartuko dira sustatzailearen familiaren diru-sarrera haztatuak, sustatzailearen adina eta eraikinaren antzinatasuna.
Zein dira laguntza tramiteak dituen urratsak?
  1. Laguntza eta behin-behineko kalifikazioa eskatzea. Aldi berean egiten dira tramiteak.
  2. Birgaitze obrak hastea.
  3. Behin betiko kalifikazioa (behin-behineko eta behin betikoaren arteko epea gehienez ere 36 hilabetekoa izanen da, obra ttikien kasuetan izan ezik.
  4. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena.
Dirulaguntza motak eskatzailearen arabera
  1. Partikularrentzako dirulaguntzak. Laguntza hauek familiak dituen diru sarreren araberakoak dira, errenta egokiagatiko erosahalmen-nahikotasunaren indizea (SARA) kontuan hartua. Zehatzago ikusteko, galdetu NASUVINSAk Donezteben edota EZABUk Lakuntzan duen bulegoetan.
  2. Bizilagunen komunitateentzako dirulaguntzak, pisu etxeen eraikinak birgaitzeko obrak egiteko. Bi modalitate daude:
    – 25 urte baino gehiagoko eraikinetan oztopoak kentzeko.
    – 25 urte baino gehiagoko eraikinetan inguratzaile termikoa edo energia efizientzia hobetzeko.
  3. Alokairura bideratutako etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak. Kasu honetan, baldintza espezifikoak bete behar dira. Galdetu NASUVINSAk Donezteben edota EZABUk Lakuntzan duen bulegoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun