Etxebizitza

Zeintzuk dira aerotermiak dituen abantailak eta desabantailak?

Ttipi-Ttapa

(Argazkia: Magnific)

Azken urteetan ospe handia hartu du aerotermiak. Berokuntzako, klimatizazioko edota ur bero sanitarioa sortzeko gai den sistema da aerotermia. Alderantzizko bero-ponpa baten bidez kanpoko airetik energia ateratzeko gai dena. Eraginkortasun handiko sistema da, baina ba al du desabantailik?

Egin beharreko hasierako inbertsioa izan daiteke aerotermiak duen oztoporik handiena. Gas naturaleko galdara bat jartzea baino garestiagoa ateratzen da. Ez da edozein poltsikorako egina dagoen sistema. 15.000-25.000 euroren bueltan balio du aerotermiako aparailuak eta etxearen tamainaren eta instalatutako potentziaren arabera prezioa gorantz joanen da. Hori, bai, gerora, gas naturalarekin edo dieselarekin alderatuta, %60 eta %75 arteko aurrezkia lor daiteke eta eguzki panelekin konbinatzen bada, %80ra irits daiteke.

Abantailen artean, sistemaren eraginkortasuna goraipatzen dute adituek. Kontsumitzen duen 1 kWh elektriko bakoitzeko, 3 edo 4 kWh bero sortzeko gai da. Hau da, energiaren %75 doakoa da, airetik datorrelako. Gainera, hiru  sistema gailu bakar batean integratzeko aukera eskaintzen du. Ekipo berarekin neguan berokuntza, udan hozte-sistema edo aire girotua eta etxeko ur beroa lor ditzakezu.

Mantentze kostu baxua eta segurtasuna dira sistema honen aldeko bertze bi ezaugarri. Ez dago errekuntzarik, ez dago gas-ihesik edo kerik eta mantentze lanak ohiko galdarenak baino askoz errazagoak eta merkeagoak dira. 

Kontuan izan behar da aerotermia jarri ahal izateko kanpoko unitate bat, haizagailua, eta barruko unitate bat, hidromodulua eta ur depositua, instalatu behar direla. Horretarako, toki nahikoa izan beharko da etxebizitzaren kanpoko eta barruko aldean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun