Buruz Buruko Erremonte Txapelketan sartzeko azken iragazkia Iruritan izanen dute ortziralean

Ttipi-Ttapa

Mikel Mikelarena oiztarra izanen da Iruritako kanporaketetako batean ariko den erremontista.

Euskal Jai Berri Fundazioak, Martikoren babesletzarekin, antolatutako Buruz Buruko Erremonte Txapelketa azaroaren 28an abiatuko da, baina aitzinetik bi aurre kanporaketa jokatzekoak dituzte. Horietatik lehena joan den larunbatean jokatu zuten Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Osesek lortu zuten Iruritako bigarren koskara pasatzea. Hain zuzen, azaroaren 20an, ortziralean 18:30ean hasita jokatuko dute bigarren kanporaketa.

Aranabia pilotalekuan hiruna erremontistekin bi kanporaketa jokatuko dituzte eta irabazleek Utergaren kontra jokatuko dute final laurdenetan

Iruritako lehen kanporaketan, Osesekin batera, David Mitxeo doneztebarra eta Mikel Mikelarena oiztarra ariko dira, eta bertzean, Koteto Ezkurra III.arekin batera ariko dira Barricart eta Jon Sagaseta iruritarra. Bigarren kanporaketa hauetako bi irabazleak sartuko dira azaroaren 28an hasiko den buruz buruko txapelketan. Final laurdenak jokatuko dituzte, hauek ere triangeluar formatuan eta Xanti Uterga doneztebarra izanen dute esperoan. Izan ere, Utergak, lesio baten ondorioz, ez zuen joan den urteko txapelketa jokatzerik izan eta aurten final laurdenetan hasiko da.

Aitzinetik, Iruritako erremonte eskolako gaztetxoek partida jokatuko dute.

Txapelketako jaialdi guziak bezala, Iruritakoa ere EM Navarra elkartearen alde izanen da (Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea). Ez da sarrerarik kobratuko, baina borondatez nahi dena ordaintzen ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun