Hasteko, azaroaren 3an Gasteizen egindako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Topaketa hartu zuten hizpide. 800 pentsiodun baino gehiago bildu ziren eta, bertzeak bertze, pentsiodunen mugimendua karrikara ateratzen hasi zenetik bederatzi urte pasatu direla oroitarazi zuten. Horri lotuta, Guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko hasierako aldarria «zaharkitua» gelditu dela azpimarratu zuten, eta gaur egun, Guttiengo pentsioa=Langileen arteko guttiengo soldata eskatzen dute.
Aldarrikapen horrek Nafarroan eta EAEn izan duen bilakaeraz ere aritu ziren atzoko agerraldian: «Nafarroan aitzinera pausoak eman dira, 2027rako 1.190 euroraino osatzea adostu baitute Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean, 14 ordainsaritan. EAEn berriz, herri ekimen legegile baten bidez 145.142 eskari zakarrontzira bota ditu Jaurlaritzak».
Urteotan egindakoa eta lortutakoa aipatzeaz gainera, etorkizuneko errokak ere hartu zituzten hizpide eta bertzeak bertze, «pentsio publiko duinak denentzat, zaintza lanak partekatzeko eta zerbitzu publiko unibertsalak eta kalitatezkoak» aldarrikatu zituzten.
Urriaren 24an Madrilen pentsio duin eta publikoaren alde egindako manifestazioaz ere aritu ziren, eta azaroaren 29ko hauteskundeak ere mahai gainean paratu zituzten: «Batzuen eta bertzeen aldetik denen agendan dago pentsioen afera». Baztan-Bidasoko pentsiodunek argi dute: «Azaroaren 29a bertze borroka eguna izanen da, aunitz dago jokoan. Gure aldetik ere joka dezagun gure indar guziarekin, irabazteko aunitz dagoen bezala, galtzeko ere aunitz baitago».
Bertzalde, ohi bezala, palestinarrak izan zituzten gogoan eta palestinarrek sufritzen segitzen duten genozidioa gaitzetsi zuten. «Erasoak gelditu gabe, kanpoko laguntza galaraziz, ospitaleak blokeatuz... Onartezina da. Nazioarteko egiturek gizatasun pittin baldin badute behinik behin, beren gain hartu beharko lukete hau dena geldiaraztea, eta errespetuzko askatasuna bideratzea Palestinan eta antzeko egoeran dauden lurraldeetan».
Bukatzeko, bi haritz landare erein zituzten: «Hasi ginen... Hazia gara! Hemen ditugu bi haritz zuhaixka, haziak lur egokia duenaren eta garatzen den ikurra, gure eskualdean ere landatzeko, eta gure lanaren lekukoak izan daitezen».
Hurrengo elkarretaratzea abenduaren 21ean Beran eginen du Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak.

