Koteto Ezkurra III.ak eta Osesek gainditu dute buruz buruko txapelketako lehen koxka

Ttipi-Ttapa

Zorion Zelaieta, Koteto Ezkurra III.a eta Xuban Ilarregi, larunbatean Donezteben. Doneztebarrak egin du aitzinera buruz buruko txapelketan.

Euskal Jai Berri Fundazioak, Martikoren babesletzarekin, antolatutako buruz buruko erremonte txapelketa azaroaren 28an abiatuko da, baina aitzinetik bi aurre kanporaketa jokatzekoak dituzte. Horietatik lehena larunbatean jokatu dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Osesek lortu dute Iruritako bigarren koskara pasatzea.

Donezteben larunbatean jokatutako bi triangeluarretan nagusitu ziren eta Iruritan ortziralean jokatuko den bigarren kanporaketan izanen dira

Lehenbiziko triangularrean, Markel Leatxe donamariarra, Oses eta Baztan aritu ziren. Leatxe zen faborito eta Baztanen kontrako partidan 20-16 irabazi zuen donamariarrak. Gero, Osesek ere 20-15 irabazi zion Baztani. Beraz, hirugarren partidan zegoen jokoan txartela eta Osesek 20-12 irabazi zion Leatxeri.

Bigarren kanporaketan, Malerrekako hiru erremontista aritu ziren nor baino nor gehiago. Lehenbiziko partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak 20-15 irabazi zion Xuban Ilarregi oiztarrari, bigarrenean, oiztarren arteko lehian, Ilarregik 20-12 irabazi zion Zorion Zelaietari eta hirugarrenean, Ezkurra III.ak 20-9 irabazi zion Zelaietari.

Hortaz, aipatu bezala, Osesek eta Koteto Ezkurra III.ak lortu zuten Iruritan ortziralean jokatzeko txartela.

Azaroaren 20an Iruritan

Azaroaren 20an, ortziralean Iruritako Aranabian jokatuko den kanporaketa batean, Osesen esperoan izanen dira David Mitxeo doneztebarra eta Mikel Mikelarena oiztarra, eta bertzean, Koteto Ezkurra III.arekin batera ariko dira Barricart eta Jon Sagaseta iruritarra. Bigarren kanporaketa hauetako bi irabazleak sartuko dira azaroaren 28an hasiko den buruz buruko txapelketan. Final laurdenak jokatuko dituzte, hauek ere triangeluar formatuan eta Xanti Uterga doneztebarra izanen dute esperoan. Izan ere, Utergak, lesio baten ondorioz, ez zuen joan den urteko txapelketa jokatzerik izan eta aurten final laurdenetan hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun