Nafarroako hamabigarren txapela jantzi du Iker Vicentek

Ttipi-Ttapa

Iker Vicente hamabigarren txapelarekin, Soroa bigarren, Saralegi hirugarren, Amundarain laugarren eta Rekondo bosgarren, ortziralean Donezteben. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia hamabigarren aldiz irabazi zuen Otsagabiko Iker Vicentek joan den ortziralean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Duela bi urte Mikel Mindegiaren marka berdindu zuen, hamar txapelekin eta ondoko bi urteetan lortutakoekin, dozenara ailegatu da Vicente.

Pronostikoak bete eta jaun eta jabe izan zen Iker Vicente ortziralean Donezteben jokatutako Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketako finalean. 32 minutu eta 28 segundo aski izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko enborrak mozteko, iaz baino minutu eta erdi guttiago. Ia bortz minutu eta erdiko aldea atera zion bigarren izan zen Arribeko Ibai Soroari (38.04). Errazkingo Eneko Saralegik osatu zuen podiuma (40.41). Arribeko Txomin Amundarain laugarren izan zen (41.49) eta Leitzako Jon Rekondo izan zen bosgarren (43.02). Donato Larretxearekin batera, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea eta Jon Telletxea, Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea izan zen sari banaketan.

 

Euskal Herriko emakumeen arpana txapelketan, Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroka txapeldun

Aizkolari txapelketan ez zen emozio handiegirik izan, baina lehia estuagoa izan zuten Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketan. Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroca izan ziren bizkorrenak eta 45 ontzako enborrari 15 epai egiteko 8 minutu eta 4 segundo behar izan zituzten. Bigarren posturako lehian segundo bakarreko aldea izan zen iaz txapeldun izan ziren Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralderen (8.29) eta Sara Jimenezen eta Maite de Feliperen artean (8.30). Laugarren postua Ultzamako Ainhoa Iraizoz eta Maria Iraizoz ahizpek eskuratu zuten (9.49) eta bosgarren postua Iruritako Saioa Dendarietak eta Leire Arraztoak (12.34).

Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroca nagusitu ziren. Argazkia: Ibon Errazu Uria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun