Sei erremontista ariko dira lehian triangeluar formatuan eta bi onenak azaroaren 20an Iruritan jokatuko den bigarren aurrekanporaketarako sailkatuko dira
Lehenbiziko triangularrean, Markel Leatxe donamariarra, Oses eta Baztan ariko dira eta bigarrenean, Xuban Ilarregi oiztarra, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Zorion Zelaieta oiztarra. Erremontista bakoitzak bina partida jokatuko ditu, 20 tantora. Triangeluar bakoitzeko irabazleak izanen du azaroaren 20an Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko den hurrengo kanporaketan parte hartzeko eskubidea. Horietako batean esperoan izanen dira David Mitxeo doneztebarra eta Mikel Mikelarena oiztarra, eta bertzean, Barricart eta Jon Sagaseta iruritarra. Bigarren kanporaketa hauetako bi irabazleak sartuko dira azaroaren 28an hasiko den buruz buruko txapelketan. Final laurdenak jokatuko dituzte, hauek ere triangeluar formatuan eta Xanti Uterga doneztebarra izanen dute esperoan. Izan ere, Utergak, lesio baten ondorioz, ez zuen joan den urteko txapelketa jokatzerik izan eta aurten final laurdenetan hasiko da.
Iaz bezala, Martiko izanen da buruz buruko txapelketako babesle nagusia eta txapelketa EM Navarra elkartearen alde izanen da (Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea).