Grebaren harira, LAB sindikatuak hainbat hitzordu antolatu ditu Baztan-Bidasoan bihar goizean. Baztanen kotxe bira izanen da, Elizondotik abiatuta, eta 08:30ean gaztetxean bilduko dira. Malerrekan ere kotxe bira eginen dute 08:30ean, Doneztebeko Merkatu plazatik abiatuta. Beran, berriz, elkarretaratzea eginen dute, 10:00etan Toki Onan.
Horrez gain, 11:00etan hitzordua egin dute Oronoz-Mugairiko aparkalekuan, kotxeak partekatu eta Iruñeko mobilizaziora joateko. 12:30ean Gazteluko plazan hasiko da manifestazioa.
Mobilizazio bateratua eskualdean
Arratsaldean, berriz, eskualdeko mobilizazioa eginen dute Elizondon, 17:30ean plazatik abiatuta. Hori baino lehen, gazte blokea 17:15ean abiatuko da Merkatuko plazatik. META Mendialdeko Etxebizitza Taldeak Donezteben ere egina zuen deialdia, baina bertan behera utzi dute Elizondokoarekin bat egiteko. Azaldu dutenez, «bi deialdiak bateratu ditugu eskualdean mobilizazio bat eta bakarra egiteko». Hori dela eta, «Doneztebeko mobilizaziora atxikitu ziren eragile sozial, sindikal zein norbanako guztiei dei egiten diegu Elizondoko deialdian parte hartzera».