Azaroaren 1a egun seinalatua izaten da egutegian: Santu Guzien Eguna. Jatorri kristauan, elizak santu guztiak gogoratzeko izendatu zuen arren, gaur egun, santuak baino norberak etxean edo inguruan falta dituenak oroitzeko eguna bihurtu da. Belaunaldiz belaunaldi igaro diren errituak, garai berrietara egokitzen joan dira.
Egun honetan, hilerriak lorez betetzeko ohitura bizirik dago oraindik, baina geroz eta gehiago dira lore sorta horiek hilerrietatik kanpo eramaten dituztenak. Hildakoaren errautsak bota edo haren omenez jarritako oroigarrian loreak uzteko ohitura hartu dute aunitzek. Lore sortak, maitasun keinu bilakatuko dituzte eskualdeko loradendatako langileek.
Aunitzentzat jai eguna izanik, bazkariak antolatzeko ohitura ere badago azaroaren 1ean. Mahaiaren bueltan bildu eta aulki hutsak oroitzapenekin betetzeko ahalegina egiten dute. Eta ospakizuna goxatzeko, gozorik ere ez da falta izaten: nork ez ditu dastatu santu hezurrak eta haize kruxpetak?