Kontatu duenez, «aitari beti gustatu izan zaio motorren mundua, baina duela urte batzuk hainbat herritako lagunak elkartu eta rallyak ikustera joaten hasi ginen. Gero, nire bikotekidearekin hasi nintzen, eta pixkanaka mundu honetan sartu naiz». Hain zuzen, bikotekidearen bitartez hasi zen lasterketetan, 2023an: «Lesakako Rallysprintean berarekin aterako nintzen galdetu zidan. Dexente pentsatu nuen, baina azkenean, animatu nintzen». Gogoan du eguna, «berezia» izan zelako: «Nerbio dexente nituen eta oso eguraldi txarra egin zuen. Goizean goiz gosaltzen ari ginela, bi aldiz joan zen argia, eta 'Zertarako animatu naiz?' pentsatu nuen». Proba hasitakoan aldendu zitzaizkion kezkak: «Asko disfrutatu nuen eta errepikatzeko gogoz atera nintzen».
Eta han eta hemen, dagoeneko hamaika lasterketa egin dituzte elkarrekin, eta bidean, «ingurukoek azaldu didatenarekin eta pilotuaren ohiturak ezagututa» ikasiz joan da. Hori bai, Morato beti kopilotu: «Gustatuko litzaidake noizbait aldez aldatu eta probatzea, zer sentitzen den jakiteko. Baina egia esan, gustura ibiltzen naiz kopilotu. Gustuko dut nire lana eta pilotuarekin batera auto barrenean sortzen den konfiantza». Beretzat konfiantza hori da «garrantzitsuena».
«'Zertarako animatu naiz?' pentsatu nuen lehenbiziko lasterketaren aurretik. Baina proban asko disfrutatu nuen eta errepikatzeko gogoz atera nintzen»
Hamaika lasterketa horietatik, bakarra utzi behar izan dute alde batera: «Lea-Artibaiko Rallyan, palierra hautsi zitzaigun eta asistentzian zeuden lagunei beste bat ekartzeko eskatu genien, hurbil geundelako. Google Mapsen bidez guregana nola etorri behar zuten esplikatu genien, baina lagunak ordubetera ailegatu ziren, pista batetik buelta ederra emanda. Ez genituen behar zen bidetik bidali! Lasterketa utzi behar izan genuen, baina anekdota hor gelditu zaigu».
Gainerakoan, orain arte istripurik ez omen dute izan. Baina bere hitzetan, «kirol arriskutsua da, eta buruarekin ibili behar da, segurtasuna eta zentzua lehenetsiz».
Probaren ondotik, etxekoei deia
Probak «aurreko asteburuan oharrak hartuz eta bideoak ikusiz» prestatzen ditu, eta horrekin batera, «autoa berrikusi eta lerrokatu, eta normalean, azken egunean garbitu» egiten dute. Proba bukatutakoan, berriz, telefono deia.
Aitari mundu hori beti gustatu izan zaiola aipatu du, «baina zure alaba ateratzen denean, dena ez da hain polita». Gurasoak «oso urduri» egoten direla aitortu du, eta «lasterketa bukatu bezain laster deitzeko esaten didate beti. Ahizpari eta bikotekidearen familiari ere abisatzen diet».
Kirol honetan emakumeek duten egoeraz ere mintzatu da eta «osasuntsu» ikusten du: «Geroz eta emakume gehiagok parte hartzen dute eta hori oso pozgarria da. Baina oraindik ere lan handia dago egiteko». Bide horretan, Emakumeak Automobilismoan Taldeak egiten duen «lan handia» txalotu du: «Kirol honetan ibiltzen diren emakumeak dira eta beraien esperientziak asko lagundu dit». Aldi berean, «sarean lan egitea oso beharrezkoa» iruditzen zaio, «batez ere, emakumeen presentzia ikusarazteko eta elkarri laguntzeko». Bere kasuari dagokionez, «neska bakarra» dela eta lasterketetara «gizonez inguratua» joaten dela kontatu du, «baina oso ongi zaintzen naute eta beti errespetatua sentitu naiz».
Bertzetik, kirol garestia dela azpimarratu du, «diru asko gastatzen da. Autoa mantendu, piezak, pneumatikoak, izen emateak... Baina lasterketa egunean bizitzen duzuna eta sortzen den giroa ikusita, merezi du». Hain zuzen, horregatik egin du animatzeko deia: «Esperientzia oso aberasgarria da eta hasieran beldurra eta dudak izan ditzakezun arren, asko disfrutatzen da». Bereziki emakumeengan jarri du arreta: «Garrantzitsua da emakume gehiago animatzea. Auto barruan zenbat eta emakume gehiago ikusi, orduan eta normalagoa izanen da ondorengoentzat».
Labur-labur
|
