Sare publikoan ratioak jausteko eskatuz, sinadura bilketa hasi dute eskualdeko ikastetxeetan

Ttipi-Ttapa

Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Aldeko Plataformak sinadura bilketa hasi du Nafarroa osoan ikastetxe publikoetan ratioak jausteko eskatuz. TTIPI-TTAPAren eremuko ikastetxe publikoek ere bat egin dute ekimenarekin.

Ikastetxe publikoetako etapa guzietan, hau da, haur eskoletan, haur, lehen eta bigarren hezkuntzetan, batxilergoan eta lanbide heziketako erdi mailan geletako ikasle kopurua jaustea eskatzen dute. Zertarako? Ba, «ikasle bakoitzarentzat arreta pertsonalizatuagoa eta zuzenagoa izateko, inklusio erreal eta praktikoa izateko geletan, ikasle guzien beharrei hobeki erantzuteko, eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko eta sendotzeko». 

Nafarroako Parlamentuko araudiaren arabera, guttienez hautesle erroldaren % 1en sinadurak bildu behar dira herri ekimen legegile bat tramitatzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Hala, kasu honetan, guttienez, 7.000 sinadura bildu nahi dituzte ikasleen ratioak legez murriztu ahal izateko.

Eskualdeko ikastetxeetan sinatzeko aukera izanen dela adierazi dute. Oraingoz, Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdiko ikastetxe publikoetan, eta Leitza eta Aresoko eskoletan bat egin dute ekimenarekin eta azaroaren 6a izanen da sinatzeko azken eguna. «Adinez nagusia bazara eta hezkuntza publikoan sinesten baduzu, ondoko egunetan hurbildu zure ikastetxera eta sinatu», adierazi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun