Euskal Herriko XVIII. Mus Txapelketako finala Senperen izanen da

Ttipi-Ttapa

Laster hasiko da Euskal Herriko Mus Txapelketa. Hemezortzigarren edizioa izanen da aurtengoa, eta 2027ko martxoaren 20an borobilduko dute, final handia Senperen jokatuta. 

Ohiko sistema izanen du. Lehenbizi, herriz herriko fasea izanen da eta otsailaren 21era bitarte herriz herri kanporaketak jokatuko dituzte. Hori bukatutakoan, martxoaren 6an, zazpi herrialdeetako finalak eginen dituzte eta martxoaren 20an, Euskal Herriko finala izanen da, Senperen. Aitzindu dutenez, herritarrekin eta Senpereko Herriko Etxearen eta ikastolaren laguntzarekin, «musa eta besta uztartuko dituen egitaraua prestatzeko asmoa dugu».

Hemezortzigarren edizioa du aurten txapelketak. «Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak biltzeko» hasi ziren Euskal Herri mailako txapelketa antolatzen. Bide horretan, Euskal Herriko Mus Federazioa sortu zuten: «Zazpi herrialdeetako mus zale eta muslariez osatua da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz haratago, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean, nazio kontzientzia indartu».

Urtetik urtera zabaltzen ari den txapelketa da eta horren seinale dira datuak. 2009ko txapelketan, adibidez, 1.120 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan; 2019an 2.300 bikote izan ziren parte hartu zutenak, eta joan den urtean, 2.686 bikote aritu ziren.

Sariak

50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan eta hauek izanen dira sari nagusiak. 

  • Txapeldunak: Zapela, garai ikurra, 3.000 € eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*Karibera dena barne)
  • Txapeldunordeak: Garai ikurra, 1.500 € eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*Karibera dena barne)
  • Hirugarren bikote sailkatua: 750 € eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
  • Laugarren bikote sailkatua: 500 € eta euskara ikasteko urte osorako 2 matrikula.
  • Borzgarrenetik eta zortzigarrenera sailkatutako bikoteak: 250 €
  • Bederatzigarrenetik hamaseigarrenera sailkatutako bikoteak: 100 €
  • Herrialdeetako finaletan: Zapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
  • Parte hartzaile bakoitzarentzat: kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.

Norbaitek bere herrian txapelketa antolatu nahi badu lotura honetan sartuta egiten ahal du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun