Matxin III.a eta Mitxeo dira Reyno Gourmet txapelketako lehen mailako azken finalistak

Ttipi-Ttapa

Agirrezabala eta Oses promozio mailan eta Mitxeo eta Matxin III.a lehen mailan, igandeko finalean izanen dira.

Promozio mailan, Zelaietaren ordez aritu zen Osesek eta Agirrezabalak lortu zuten urriaren 31n Luzaiden jokatuko den finalerako txartela.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Binakako Erremonte Profesionaleko-Reyno Gourmet Sari Nagusiko azken finalistak ezagutu dira larunbat honetan Etxarri-Aranatzen jokatutako finalerdien itzulerako partiden ondotik. Maila nagusian, joaneko partidan, tanto bakarragatik irabazi zieten Matxin III.ak eta David Mitxeo doneztebarrak, Xanti Uterga doneztebarrari eta Barricarti. Buelta izan zitekeen, baina ez zen halakorik izan, berriz ere Matxin III.a eta Mitxeo nagusitu baitziren, oraingoan bortz tantoko aldearekin (30-35).

Promozio mailakoan, berriz, Zelaietaren ordez aritu zen Osesek eta Agirrezabalak 35-30 irabazi zieten, Jon Sagaseta iruritarrari eta Baztani, finalerako txartela eskuratuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun