A11 greba orokorra

[ARGAZKIAK] Baztan-Bidasoko hainbat eragilek eta herritarrek azaroaren 11ko greba egunean Elizondon manifestaziora deitu dute

Ttipi-Ttapa

Azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute, baita Elizondon eginen duten manifestazioan parte hartzeko deia ere. 17:30ean abiatuko da Elizondoko plazatik. 

Baztan-Bidasoko hainbat eragile politiko eta sozial, eta hainbat herritar bildu ziren ortzirale arratsaldean Elizondoko plazan, azaroaren 11ko greba orokorraren harira eginen duten manifestazioaren berri emateko. Esplikatu zutenez, «azaroaren 11rako greba orokorrerako deia egina da Espainiako Estatu osoan, baina guk Euskal Herritik eta Euskal Herrirako greba eginen dugu, pobretzearen eta errentismoaren kontra, herri honetan denok bizitza duina eta etxebizitza eskuratzeko eskubidea izan dezagun».

Egun horretan, goizean hiriburuetan izanen dira mobilizazioak, eta arratsaldean, tokian tokiko mobilizazioak. Horietako bat izanen da Elizondoko plazatik 17:30ean aterako den manifestazioa. Baztan-Bidasoko etorkizunaren alde, etxebizitza eta bizi baldintza duinak herritarrontzat leloa aukeratu dute eta mobilizazio horren bidez, «etxebizitza politiketan sakoneko aldaketak, espekulazioa akitzeko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko» aldarrikatuko dute. Horretarako, «Nafarroako Gobernuari dagokion ardura eta premiazko neurriak hartzeko» eskatuko diote. Hala ere, hori guztia «Baztan-Bidasoko errealitateari erreparatuz» egin nahi dute; «aldarrikapen nagusiak Baztan-Bidasoan lurreratu ditugu, gure testuingurura egokituz eta ikuspegi intersekzional batetik landuz».

Deialdi honekin orain arte bat egin dutenak:
  • Iñarrosi Baztango gazte feministak
  • Xulufrinak Lesakako Sare Feminista
  • Baztango Gaztetxea
  • Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Ernai
  • Baztan-Bidasoko pentsiodunak
  • Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feminista
  • Baztango Talde Ekosoziala
  • Baztan-Bidasoko Ikama ikasle antolakundea
  • Aroztegiko Elkartasun Komitea
  • Baztango Osasun Plataforma
  • Bidelagun Elkartea-Lagunbide Zerbitzuak
  • Erdiz Bizirik
  • Baztan-Bidasoko LAB sindikatua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun