Nafarroako Sokatira Txapelketa igandean abiatuko da Doneztebeko frontoian

Ttipi-Ttapa

Beti Gazteko talde mistoa, joan den urtean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako saioan. Aurten, txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute bertan igandean, gizonezkoak eta emakumeak bakoitza bere aldetik. Emakumezkoetan, Amaiurko taldea ere lehiatuko da.

Nafarroako Sokatira Txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Guztira hiru jardunaldi jokatuko dituzte, urriaren 25ean Donezteben, azaroaren 7an Lesakan eta azaroaren 14an Antsoainen.

Gizonezkoak zortzinaka eta emakumeak seinaka ariko dira, 11:30ean hasiko den jardunaldian

Gizonezkoak zortzinaka (620 kilo) eta emakumeak seinaka (390 kilo) lehiatuko dira eta Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan urriaren 25ean, igandean 11:30ean hasita eta Lesakan, azaroaren 7an, larunbatean 17:00etan hasita, jokatuko dituzte bi jardunaldiak. Lesakan, ligaxkako lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dituzte.

Gizonezkoetan, hiru talde bakarrik ariko dira: Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B. Emakumezkoetan, berriz, sei talde izanen dira: eskualdekoak bi izanen dira, Amaiur eta Beti Gazte. Beraiekin batera, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea ariko dira.

Txapelketa mistoa Antsoainen azaroaren 14an

Txapelketa mistoa azaroaren 14an, larunbatean, 17:00etan hasita Antsoainen jokatuko den jardunaldi bakarrean erabakiko da. 560 kiloko kategorian ariko dira zortzinaka eta Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Lesakarrekin batera, Antsoain eta Txantrea lehiatuko dira mistoan. 

Joan den urtean txapel guzien jabe egin zen Beti Gazte eta aurten ere horretan saiatuko da faborito izanen den Lesakako taldea, nahiz eta hainbat tiralari berri izan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun