Reyno Gourmet Erremonte Txapelketako azken finalistak larunbatean ezagutuko dira Etxarri Aranatzen

Ttipi-Ttapa

Xanti Uterga doneztebarra (Barricartekin) eta Matxin III.a (David Mitxeo doneztebarrarekin), lehen mailako finalerako azken txartelaren bila lehiatuko dira Etxarri-Aranatzen.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Binakako Erremonte Profesionaleko-Reyno Gourmet Sari Nagusia azken txanpan sartua da eta urriaren 24an, larunbatean 18:00etan hasita Etxarri-Aranatzen jokatuko den jaialdian ezagutuko dira lehen maikako eta promozio mailako azken bikote finalistak.

Bigarren finalerdietako itzulerakoa jokatuko  dute Sagaseta-Baztanek, Oses-Agirrezabalaren kontra (promozio mailan) eta Uterga-Barricartek, Matxin III.a-Mitxeoren kontra (lehen mailan)

Promozio mailako partidan, Jon Sagaseta iruritarra eta Baztan, Zelaieta oiztarraren ordez ariko den Osesen eta Agirrezabalaren kontra ariko dira (joanekoak 26-35 irabazi zuten azken hauek) eta lehen mailan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta David Mitxeoren kontra (joanekoan tanto bajaragatik irabazi zuten azken hauek). Jaialdian biltzen den dirua Josefina Arregui Klinikara bideratuko dute.

Finalerdia gainditzen dutenek, urriaren 31n Luzaiden jokatuko den finalean izanen dira eta, promozio mailan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra eta, lehen mailan, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion izanen dituzte esperoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun