Euskarabideak joan den urtean antolatu zuen lehenbiziko aldiz programa hau eta balorazio ona egin zuten: «Bertso saioen bidez adinekoen osasun psikologikoari eutsi zioten, bertsoek lantzen duten ikuspegi kognitibo eta afektibotik. Izan ere, bertsolaritzak lagunduta, adinekoen memoria landu zen, bertso eta pasadizo zaharrak kontatuz eta kantatuz. Bertsoen bidez adinekoen emozioei espazioa eman zitzaien, maiz, tristura iraunkorra bezalako egoera psiko-afektiboak irauliz eta bat-bateko irriak eta zirrarak eraginez. Bertsoek haur nahiz gazte garaia gogora ekarri zieten eta emozio ugari esnarazi. Arlo ludikoaren ikuspuntutik, adindunak, eta bereziki euskaldunak, protagonista eta subjektu aktibo bihurtzea lortu zen, dakizkiten bertsoak eta pasadizoak kantatzen eta bertsolarientzako gaiak prestatzen».
Hala, joan den urtekoaren arrakasta gogoan, aurten zazpi saio eginen dituzte, eta horietatik hiru eskualdean. Konparazio batera, Berako San Jose zahar etxean urriaren 2an egin zuten eta Julen Zelaieta eta Ekhiñe Zapiain herritarrak gonbidatu zituzten. Azaroaren 16an, 17:30ean, Lesakako Andra Mari egoitzan egin dute hitzordua eta Bittor Elizagoien arraioztarra eta Alazne Untxalo iturendarra gonbidatu dituzte. Azaroaren 18an ere Bittor Elizagoien eta Alazne Untxalo ariko dira, kasu horretan, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzan. 17:00etan hasiko da saioa.
Gainerako saioak Lekunberrin, Altsasun, Betelun eta Iruñean egin dituzte edo egitekoak dituzte.