Nafarroako Mendialdeko saltoki eta zerbitzuak gure herrien eguneroko bizitzaren parte dira. Egunez egun konfiantzazkoak bilakatzen diren elkartzeko eta elkarri laguntzeko guneak dira, herriak bizirik mantentzen eta pertsonek beren lurraldearekin duten lotura indartzen laguntzen dutenak.
Cederna Garalurrek RuralNav proiektuaren baitan sustatutako Zaintzen duten dendak kanpainak askotan oharkabean pasatzen den errealitate horretan jartzen du fokua. Horretarako, lanbidea pertsonenganako hurbiltasunetik ulertzeko modu bera partekatzen duten Nafarroako Mendialdeko hainbat lurraldetako saltokien testigantzak jaso ditu.
«Produktu bat saltzea lanaren zati bat baino ez da. Beste zatiak jendeari entzun, lagundu eta ezagutzearekin du zerikusia»
Saltzea baino askoz gehiago
Izan ere, zer esan nahi du zaintzak gertuko merkataritzarentzat?
Produktu bat saltzea lanaren zati bat baino ez dela. Beste zatiak jendeari entzun, lagundu eta ezagutzearekin du zerikusia. Ez betebehar profesionala delako, hurbiltasuna eguneroko bizitzaren parte delako baizik.
Kanpainan parte hartzen duten saltokietako batzuk proiektu gazteak dira eta beste batzuk, ordea, urteak daramatzate herriko hainbat belaunaldiri laguntzen. Guztietan behin eta berriz errepikatzen den ideia bat agertzen da: giza harremanak apalategietan dauden produktuak bezain garrantzitsuak dira.
Konfiantzak aldea marka dezakeenean
Istorio hunkigarrienetako bat familia baten kezkarekin hasi zen. Bakarrik bizi zen pertsona batek ez zion telefonoari erantzuten, ezta txirrinari ere, eta beldurra gero eta handiagoa zen: «Oso kezkatuta deitu zidaten, bakarrik bizi zen pertsona batek ez ziolako telefonoari erantzuten, ezta txirrinari ere. Atea irekitzea lortu nuen eta konorterik gabe aurkitu nuen, lurrean. Zorionez, osasun arreta garaiz jaso ahal izan zuen. Jendeari lagundu ahal izateak ematen didan poza da gehien betetzen nauen gauzetako bat». Hala oroitarazi du burdindegiko saltzaileak.
Ezohiko egoerak dira, bai. Baina lagungarriak dira saltokiak herri baten konfiantza sarearen parte direla ulertzeko.
«Zein polita den, larritasun une batean, norbaitek bere itxaropenik handienak zugan jartzea. Ez dut inoiz ahaztuko etxean erori ondoren deitu zigun pertsona bat, ezta lotarako botikak hartzen hogei urte baino gehiago eman ondoren, hilabete batzuen buruan, medikamentuak utz zitzan lortu genuen beste bat ere. Egun, oraindik ere, bisitan etortzen zaigu», dio botikariak.
Dena aldatzen duten keinu txikiak
Istorio deigarri bakoitzaren atzean errealitate ohikoago bat dago: egunero bezeroak zaintzen dituzten saltokiak, haien egoerak ezagutzen dituztenak eta erosketa batetik harago doazen harremanak bizirik mantentzen dituztenak.
Mugitzeko zailtasunak dituen pertsona baten sukalderaino erosketa bat eramatea. Mugitu ezin direnei eskariak hurbiltzea. Minutu batzuk eskaintzea telefono mugikor batek nola funtzionatzen duen azaltzeko. Egoera bakoitzera egokitzea, azken finean. Eta malgutasun hori gure konfiantzazko eta hurbileko saltokiek soilik eskaini dezakete.
«Berdin dagokizu erosketa bat bezeroaren sukaldera eramatea edo telefono mugikorrarekin laguntzea».
«Adineko pertsona batek hala behar badu, esaten digun lekuan utziko diogu erosketa».
Gauza txikiak direla pentsa daiteke. Baina beharra duenarentzat alde handia da.
Entzutea ere zaintzea da
Dendariak dira beren herrietako eguneroko errealitatea hobekien ezagutzen dutenak. Jendea astero ikusten dute. Haien errutinak ezagutzen dituzte. Zerbait aldatzen denean nabaritzen dute: «Pertsona batzuek hitz egiteko beharra dute, nola dauden kontatu edo beren kezkak partekatzeko. Herriak astero bisitatzen dituzunean, haien errutinak ezagutzen bukatzen duzu, eta zerbait aldatzen denean ere sumatzen duzu. Batzuetan norbaitek babesa behar duela edo memoriak huts egiten diola sumatzen duzu, eta diskrezio handiz senideei komentatzen diezu, badakizulako lagundu dezaketela», kontatu du merkatari ibiltari batek. «Bakarrik bizi direnak astean behin baino gehiagotan pasatzen dira, eta gurekin hitz egiteak poza ematen die. Eta poz hori elkarrekikoa da», gehitu du botikariak.
«Saltoki txikietara joatea, batzuetan pertsonek elkartzeko, hitz egiteko eta une atsegin bat pasatzeko duten asteko momentu bakarra da»
Herria bizirik mantentzen duten espazioak
Nafarroako Mendialdeko herri askotan dendara, burdindegira, farmaziara, azokara edo edozein saltoki txikitara egindako bisita, bisita soil bat baino askoz gehiago bihurtzen da: «Batzuetan pertsonek elkartzeko, hitz egiteko eta une atsegin bat pasatzeko duten asteko momentu bakarra da».
Horregatik, landa eremuko merkataritzaz ari garenean, komunitateaz ere ari gara. Pertsonak haien izenez ezagutzen dituzten lekuez. Konfiantza sortzen duten espazioez. Herriak leku biziak eta abegikorrak izaten segi dezaten laguntzen duten negozioez.
Azkenean, kanpainan zehar bildutako istorio guztiek gauza bat partekatzen dute: saltoki bat pertsonen bizitzaren parte dela jakiteak ematen duen poza. Urte luzez irauten duen harremanak sortzea, auzokideen konfiantza lortzea eta laguntza, konpainia edo, besterik gabe, elkarrizketa behar denean, bertara joateko leku bilakatzea. Dendari ibiltari batek honela laburbildu zuen: «Saririk handiena itzultzea eta zure zain daudela ikustea da».
Zaintzen duten dendak, zaintzen diren herriak
Zaintzen duten dendak kanpainak Nafarroako Mendialdeko saltokien zaintza eta hurbiltasunari buruzko benetako istorioak ikusarazten ditu, Andoni Martin Torrecillas eta Nahia Cordon Terez Cederna Garalurreko eta Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzuko teknikarien laguntzarekin. Istorio guztiak ezagutu nahi dituenak Interneten ditu eskura, Cederna Garalur elkartearen webgunean: www.cederna.eus.
Zaintzen duten dendak izeneko kanpaina hau Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak finantzatutako RuralNav lankidetza proiektuaren parte da. Kanpaina honetan hauek lagundu dute: Arturo arropa denda (Bera); Maite harategia (Betelu); Urdiain botika (Urdiain); Hernandorena burdindegia (Leitza); Pixuke (Elizondo); Idoate okindegia (Idoiate); Echeverría arrandegia (Zangoza); Reparazea fruta denda (Agoitz); Farmacia del Árbol (Zangoza) eta Gallo autozerbitzua (Zangoza).