Eduki babestua

Landa eremuko berrikuntza zentroa eraiki nahi du Baztan-Bidasoko Enpresen Klubak

Ttipi-Ttapa

Ezkerretik hasita, Baztan-Bidasoko Enpresen Klubeko Iñigo Doria, Ainhoa Jorajuria, Santiago Villares, Javier Mariezkurrena eta Joseba Martikorena Nafarroako Parlamentuan. 

Ingurumenaren klusterra eta liderren eskola ere sortu nahi dituzte eta horretarako, proiektua Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dute.

Proiektu berriak ditu esku artean Don Miguel de Muzquiz Baztan-Bidasoko Enpresen Klubak. 2025eko otsailean sortu zuten taldea, eta geroztik, hainbat hitzordu antolatu izan dituzte; udaberrian, adibidez, jardunaldiak egin zituzten. Hain zuzen, hortik abiatuta, «arazoak eta soluzioak» bilduz, lehiakortasun plana diseinatu dute. Helburua argia da: «Baztan-Bidasoaldearen garapen sozioekonomikoari laguntzea, etorkizuneko belaunaldiek bertan bizitzeko eta lan egiteko aukera izan dezaten».

Aurreikusi duten proiektuetako bat landa eremuko berrikuntza zentroa eraikitzea da. Klubeko ordezkariek halaxe jakinarazi zuten joan den irailaren 22an Nafarroako Parlamentuan, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko lansaioan. Baztan-Bidasoko Enpresen Klubaren izenean, Javier Mariezkurrena lehendakaria, Joseba Martikorena lehendakariordea, Iñigo Doria eta Santiago Villares batzordekideak eta Ainhoa Jorajuria gazteen lantaldeko ordezkaria izan ziren parlamentuan.

Berrikuntza eskola

Baztan-Bidasoaren etorkizuna bermatzeko eraiki nahi dute berrikuntza zentroa, Iñigo Doriak kontatu zuenez, «berrikuntzaren, ikerketaren eta garapenaren bidez, negozio eta enplegu aukeren alorrean, abangoardian kokatzeko». Nafarroan «aitzindariak» izan nahi dute, eta «mendialdeko landa eremuan hasita, Pirinioetara eta ondotik, Euromontanara [Europako Mendi Eskualdeen Sarea] helarazi nahi dugu, hemengo esperientziak han ere baliagarria izan daitezen». Gehiago ere bai. Nafarroako ingurumenaren klusterra ere sortu nahi dute. Doriaren hitzetan, «Akitania Berriko Soltena eta EAEko Aclima enpresa klusterrekin elkarlanean, proiektu sozioekonomikoak garatu nahi ditugu, herritarrendako nahi dugun bizi kalitatean eragiteko».

Horrez gain, liderren eskola sortu nahi dute, «etorkizuneko liderrak prestatzeko, bai enpresa munduan, bai administrazioan eta bai herritarren artean». Arizkunen 1656an sortutako Juan Goienetxe negozio gizona gogoan, haren izena eman nahi diote «publiko-pribatua» izanen litzatekeen eskolari. Eta eskola ez dute Baztan-Bidasora bakarrik mugatu nahi.

Laguntza eskaera

Baztan-Bidasoko 70 enpresa daude gaur egun enpresen klubean, eta guztien artean, 4.000 lanpostu sortuak dituzte. Hala ere, Mariezkurrenak esplikatu zuenez, «urtea akitzerako ehun bazkide izatea espero dugu». Sorreratik «arrunt harrera ona» izan dutela eta «lan aunitz» egin dutela azpimarratu zuen, baina gisa berean, aitzinera segitzeko «laguntza» eskatu zuen parlamentuan. Hasteko, egoitza nahi dute: «Ez dugu egoitzarik eta orain arte noraezean ibili gara. Hortaz, Nafarroako Gobernuari biltzeko toki bat eskatu diogu. Ea lortzen dugun kokatzea». Eta bertzetik, dirulaguntza beharra aipatu zuen: «Elkarte hau irabazi asmorik gabekoa da, eta bazkideen kuotekin ez da aski. 200.000 euroko urteko aurrekontua aurreikusia dugu eta eta horretarako laguntza behar dugu. Denbora aunitz dedikatzen ari gara, baina denbora ez da aski».

Jorajuriak, bertzalde, «gazteen ilusioa eta gogoa» nabarmendu zituen: «Baditugu arazoak. Etxebizitza eta azpiegitura faltagatik gazteek kanpoan bilatzen dituzte aukerak. Baina guk hemen lan egin eta bizi nahi dugu. Baztan-Bidasoak badu potentzialtasuna, eta elkarlanean, erreferente bilakatu nahi dugu. Etorkizun oparoa, dinamikoa eta bizia eraiki nahi dugu. Gazteria hemen dago, gogotsu eta ilusioarekin, eta badu etorkizuna hemen eraikitzeko borondatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun