Kanpaina gaur aurkeztu dute Tafallan, Nafarroako erdi eta hegoaldeko 300 euskaltzale baino gehiago bildu diren hitzorduan. Errigorako Adriana Urmeneta Castillok hartu du hitza eta honela mintzatu da: «Euskarak, belaunaldiz belaunaldi, aitzinera egin badu, dagoenarekin konformatu ez, eta konbentzimendua ez zen bertze bermerik gabe pausoak eman zituzten horiengatik izan da. Hala sortu ziren Ager eremu honetan ere ikastolak, euskaltegiak, D ereduko lerro berriak, euskara taldeak... Eta urte luzez egin dute euskalgintzako eragileek izpiritu horrekin lan». Baina irauteko «jendartearen sustengua» behar dutela gehitu du, «euskarak den-dena behar izatetik, harago, den-dena merezi baitu».
Gisa berean, «Errigora auzolangile ameslarien sare bat» dela adierazi du eta «Euskarari Puzka kanpaina tresna» dela. «Auzolanari lotzen gara urtero-urtero, herri honen lurraldeen arteko josturak indartzeko eta gure hizkuntza, herri honen hizkuntza, zaintzeko». Hala aurkeztu dute aurtengo Euskarari Puzka kanpaina, Auzolanean Euskara Sustraitik Espaziora lelopean eginen dutena.
Bilakaera
Euskarari Puzka kanpainaren lehenbiziko edizioa 2013an egin zuten. Nafarroan 'zona no vascofona' deitzen zitzaion lurreko hainbat eragileren egoera larriari Euskal Herri mailako erantzuna eman nahian, han eta hemengo hainbat euskaltzale elkartu eta Lekeitioko arrantzaleen kutxak Erriberako produktuekin bete zituzten. Geroztik ez du hutsik egin Errigorak, eta «Ager eremuko euskalgintza eta lehenbiziko sektorea indartu» bidenabar, ehunka euskaltzale biltzen dituen sare erraldoia bihurtu da.
Eskaerak
Hiru kaxa izanen dira aukeran: beltza 60 eurotan, berdea (eko) 65 eurotan eta gorria 75 eurotan. Eskaerak azaroaren 12ra arte egiten ahal izanen dira.
Bi bide izanen dira horretarako: errigora.eus atarian sartuta edo eskuorriak dakarren inprimakia bete eta herrietako arduradunari emanda.
Horrez gain, hamar euroren truke, Lodosako Ibaialde Ikastolari laguntzeko egutegia eskuratzeko aukera izanen da. Adierazi dutenez, «Hezkuntza Departamentuaren erabakiak tarteko, ikastolaren bideragarritasuna are gehiago zaildu da», eta horregatik atera dituzte egutegiak. Landatu daitezkeen orriz osatuak dira.
Gainerakoan, eskaerak azaro hondarrean edo abendu hasieran banatuko dituzte, eskaera egiterakoan zehaztutako tokian. Kanpaina barrenetik ezagutzeko, Sustraitik espaziora dokumentala ere egin dute eta azaroaren 12ra arte hainbat herri eta auzotan izanen da ikusgai.
