Eskualdeko 227 ikaslek parte hartuko dute 2027ko Nafarroako Iraupen Eskiko Eskola Kanpainan

Ttipi-Ttapa

Berriki jakinarazi dituzte Nafarroako Iraupen Eskiko Eskola Kanpainaren 43. edizioan nork parte hartuko duten. Nafarroako ehunka ikaslek parte hartuko dute, eta tartean, eskualdeko 227 ikasle eta 23 irakasle izanen dira. Egonaldiak Otsagabian eta Izaban izanen dira, baina eskualdeko ikasleei Izabara joatea tokatu zaie. 

Izena emandako ikastetxe guziekin, joan den urriaren 6an egin zuten zozketa, eta eskualdeko hamalau ikastetxetako 227 ikaslek izanen dute Iraupen Eskiko Eskola Kanpainan parte hartzeko aukera. Eurekin batera 23 irakasle joanen dira. Zehazki, ikastetxe hauetakoei tokatu zaie joatea: Almandoz, Amaiur, Arizkun, Azpilkueta, Gartzain, Lekaroz eta Urdazubi-Zugarramurdiko eskolak, Baztan Ikastola, Berako Toki Ona institutua eta Arantza, Berako Ricardo Baroja, Etxalarko Landagain, Igantzi eta Lesakako Irain eskolak.

Batzuk kanpoan

Eskainitako 3.932 plazak baino izen emate gehiago izan direnez, batzuk kanpoan gelditu dira. Eskualdeko zazpi ikastetxetako ikasleak, adibidez, kanpoan gelditu dira eta hala, itxaron zerrendara pasatu dira: Aresoko Nazabal eskolakoak, Berako Labiaga Ikastolakoak, Elizondoko eskolakoak, Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskolakoak, Leitzako Amazabal institutukoak eta Erleta eskolakoak eta Doneztebeko San Miguel eskolakoak, hain zuzen. 

Bertzetik, joan den urteko datuekin konparatuz, eskualdeko 30 ikasle guttiagok parte hartuko dute 2027ko eski kanpainan. 

Egonaldiei dagokienez, bai Izaban, bai Otsagabian, urtarrilaren 11tik apirilaren 16ra arte hamabi txanda izanen dira. Eskualdekoak Izabara joanen dira.

Izabara joanen diren eskualdeko ikastetxeetako ikasleak

7. txanda, otsailaren 22tik 26ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Almandozko eskola LH 4-5-6 7 1
Amaiurko eskola LH 4-5-6 8 1
Arizkungo eskola LH 4-5-6 8 1
Azpilkuetako eskola LH 4-5-6 6 1
Gartzaingo eskola LH 4-5 5 1
Lekarozko eskola LH 4-5-6 5 1
Urdazubi-Zugarramurdiko eskola LH 5-6 eta DBH 1-2 12 2
8. txanda, martxoaren 1etik 5era
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Baztan Ikastola LH 6 22 2
10. txanda, martxoaren 15etik 18ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Berako Toki Ona institutua DBH 2 59 2
11. txanda, apirilaren 5etik 9ra
IKASTETXEA MAILA IKASLE KOPURUA IRAKASLE KOPURUA
Arantzako eskola LH 5-6 15 2
Berako Ricardo Baroja eskola LH 5-6 31 4
Etxalarko Landagain eskola LH 5-6 9 1
Igantziko eskola LH 5-6 14 2
Lesakako Irain eskola LH 5-6 26 2
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun