Inoiz baino jende gehiago bildu da Baztan-Bidasoko pentsiodunen urriko hitzorduan

Ttipi-Ttapa

Atzo eguerdian Lesakan egindako elkarretaratzea. 

Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek atzo, astelehena, egin zuten hilabete honetako elkarretaratzea Lesakan. Baztan-Bidasoko pentsiodunekin batera, Mallorcako jubilatu kuadrilla batek bat egin zuen euren aldarriarekin. Denetara 80 bat lagun bildu ziren. 

Hutsik egin gabe karrikara atera dira pentsiodunak hilabete honetan. Atzo eguerdian egin zuten elkarretaratzea Lesakako Plaza Zaharrean, eta ohi bezala, hainbat aldarri eta gai paratu zituzten mahai gainean. 

Larunbatean manifestazioa Madrilen

Hasteko, larunbat honetarako, urriak 24, Guttieneko pentsioa=Langileen arteko guttieneko soldata eskatzeko, Euskal Herriko Pentsiodun Mugimenduak eta estatuko bertze zazpi mugimenduk egin duten manifestazio deialdiaren berri eman zuten. Madrilen izanen da, baina ez da hori izanen aldarrikapen bakarra: «Pentsioen egokitzea egiazko kontsumo igoeraren parekoa izatea, 40 urteko kotizazioarekin murrizketarik gabe jubilatu ahal izatea, Gizarte Segurantzaren auditoria egitea, generoaren arabera arrakalarik ez izatea...» eskatuko dituzte, bertzeak bertze.

Kontatu zutenez, «kongresurako hauteskunde deiaren aitzinetik egina zen manifestazio honen deia, baina dudarik gabe, hauteskunde aurrekanpainaren erdigunean kokatuko da». Hauteskunde hauetan «pentsioen gaiak berebiziko garrantzia» izanen duela azpimarratu zuten, eta hala, «aukera ona da aldarrikapenak zuzen adierazteko, batez ere orain arte pentsiodunon eskakizunekin axolagabe ibili direnak ea hautetsontzien aitzinean errespetu pixka bat izateko gai diren». Etxera etorrita, Guttieneko pentsioa=Guttienego soldata eskariarekin «tinko» segitzen dutela adierazi zuten. 

Zaintzaren harira, «pribatizatzeko joera» salatu zuten, eta «horren kontra tinko borrokatzeko beharra» nabarmendu zuten. «Kontrol publikoaren beharra arlo guztietara zabaltzeko» deia ere egin zuten: «Osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzaren aferan, Gizarte Segurantzan... Pribatizazioak murrizketak ekartzen ditu. Eta murrizketaren mehatxuen kontra Europa mailan olatu bat piztu da, batez ere, Frantzian. Jendea pixka bat ernatzeko ordua da, eta ea diru gosea dutenen kontra tinko erantzuteko jarrera hartzen dugun».

Azaroaren 11ko greba

Azaroaren 11ko greba deialdiari buruz ere aritu ziren atzo pentsiodunak, eta mobilizazioetan «aktiboki» parte hartuko dutela argitu zuten.

Palestina gogoan

Eta aitzineko elkarretaratzeetan bezala, Palestina askatzeko mezua ere zabaldu zuten: «Genozidioa aurpegi berriak erakusten ari da. Suntsiketa, erailketa eta bortxaketak aski ez, eta orain, kolonoak ere bat egin dute genozidioarekin, palestinarrei lurrak ematen dizkien olibak biltzerakoan, mota guztietako erasoak eginez. Non dira nazioarteko giza eskubideak errespetatuak izan daitezen erakunde eta indarrak?». Hala, «palestinarren eta jende guziaren eskubideak eta askatasuna errespetatzeko» exijitu zuten.

Hurrengo elkarretaratzea azaroaren 16an Elizondoko plazan eginen dute Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, beti bezala, 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun