[GUTUNA] Gazte Topagune Sozialistaren balorazioa

Ttipi-Ttapa

Argazkia: Gedar.eus

Joan den asteburuan, Elizondon egin zen Gazte Topagune Sozialistaren harira, balorazio hau egin du Xiker Lizardi Artolak. Sozialismoaren aldeko hautua egin du. 

Konbentzimendu bat: antolatzeko beharra. Hautu bat: Sozialismoaren aldeko hautua. Argazkiaren alde batean milaka gazte, konpromiso eta determinazio osoz gizarte eredu hau eraldatzeko grina erakusten dutenak. Ekimenaren oinarrian, ehunka gazteren lan militante konprometitua. Bertze aldean, Elizondoko herritarrak. Zuen herrian horrelako ekimen politiko bat antolatzea posible egin duzuenak. Lehenik eta behin, eskerrik asko zuen harrera eta eskuzabaltasunagatik.

Milaka gazte elkartu gara Elizondon. Langileon interesen aldeko antolakundea sendotzeko apustu irmoarekin. Tartean, formakuntzak eta aisialdia. Gai koiunturalak zein mugimenduaren estrategia politikoa lantzeko aukera eta borrokarako zein sozializaziorako momentuak. Hausnarketarako eta borrokarako lau egun. Lau egun, gazteen artean antolakuntzarako beharra azpimarratu eta sozialismoaren aldeko bidean pausoak ematen segitzeko. Lau egun, eta gibeletik hilabeteetako lana.

Topagune honekin Mugimendu Sozialistak bertze pauso bat ematea lortu du, argi utziz Euskal Herrian badagoela eraldaketarako konpromisoa, eta badagoela bere etorkizunaren norabidea aldatu nahi duen gazte belaunaldi bat. Geroz eta gazte gehiago gara politikari profesionalen promesa faltsuetan sinesten ez dugunak; eta instituzioen bidez gizarte eredu berri bat eraikitzeko aukera agortuta dagoela ikusten dugunak. Horrek lan militante desinteresatuan sinestera eraman gaitu. Langileria subjektu politiko bihurtuko duen proiektu askatzaile amankomun baten aldeko lan militante desinteresatuan sinestera.

Bide honetan, Gazte Topagune Sozialistak mugimenduaren errealitatea dimentsionatzeko balio izan digu, eta indarrak emanen dizkigu egin dugun hautuan berretsi eta indarrak metatzen segitzeko.

Ez dugu garaia aukeratu, sozialismoaren aldeko hautua, aldiz, bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun