24 pilotari ariko dira lehian eta goizuetarrarekin batera, Nahia Bertiz sunbildarrak eta Goiuri Zabaleta leitzarrak ere jokatuko dute
Aurtengo kaiolakoak nolabaiteko belaunaldi arteko talka bat ere ekarriko du, Amaia Aldai –modalitate honetako txapelik gehien duen pilotaria–. Olatz Arrizabalaga, Itsaso Erasun edo Miriam Arrillaga bezalako beteranoen eta azpitik indar handiz datozen Goiuri Zabaleta, Alize Sagardui, Nahia Bertiz, Laia Salsamendi edo Aizane Ibarrolaren artekoa. Hori bai, bi talde hauen artean, begirada guztiak pilatuko dituen Enara Gaminde, egungo txapelduna izanen da. Jokatzen duen ia txapelketa guztietan bezala, Laukizkoa izango da txapela janzteko faborito nagusia eta bizkaitarra gainditzea izango da gainontzekoen erronka zail bezain erakargarria.
Basauriko igandeko jardunaldian hasiko da Alize Sagardui
Aipatu bezala, igande honetan abiatuko da txapelketa Basaurin. 11:30ean Benitoren eta Osesen arteko partida jokatuko dute, 12:00etan Arraizaren eta Zabalaren artekoa, 12:30ean Alize Sagardui goizuetarraren eta Galdosen artekoa eta 13.00etan Ozaetaren eta Betegiren artekoa. Azken hauen koadroko kanporaketetan sartuko litzateke jokoan Nahia Bertiz sunbildarra urriaren 31n Pasaian eta koadro berean Goiuri Zabaleta leitzarra ere, azaroaren 30ean Mallabian.
Hamar herri
Iazko rankinga kontuan hartuta osatutako txapelketan hamar izanen dira bisitatuko diren herriak (Basauri, Urnieta, Pasaia, Itziar, Arrigorriaga, Hondarribia, Zamudio, Mallabia, Zeanuri eta Mungia). Hain zuzen, finalerdiak Zeanurin jokatuko dira azaroaren 29an eta finalak, abenduaren 13an, Mungian.