Aizane Ibarrolak eta Udane Ozaetak irabazi dute elite mailako Hiru Hiriburuak txapelketa, igandean Bilboko Miribillako pilotalekuan, 2.200 ikusleren aitzinean jokatutako final ikusgarrian Alize Sagarduiri eta Arrate Bergarari 22-19 irabazi ondotik.
Final ikusgarria jokatu zuten Sagardui-Bergarak eta Ibarrola-Ozaetak bertatik-bertara eta telebistaz partida jarraitu zuten milaka pilotazaleei; emozioz betetakoa, markagailuan gora-behera ugari izan zituena, kalitate handikoa eta kiroltasun osoz jokatutakoa. Ziurrenik Sagarduik eta Bergarak egunetan gogoratuko dituzte, hemeretzina zirela, aurrelari goizuetarrak saketik egindako falta eta hurrengo tantoan atzelariak txapara bidalitako dejada, zailena egin zutela zirudienean, final bi jokaldi horietan egin zien ihes finalak.
Dena dela, inor gutxik jar lezake zalantzan Ibarrola-Ozaetaren garaipena, partidako zatirik handienean markagailuan aurretik joan baitziren iruindarra eta arabarra. Atzelariek elkar hautsi ezin izan zuten partida batean, Aizane Ibarrola izan zen gehienean partidaren erritmoa jarri zuena eta pilotaririk onenaren saria lortu zuen.
Bere lehen finalean, Udane Ozaetak bikain erantzun zuen, berak baino esperientzia askoz handiagoa duen Arrate Bergararekin parez-pare arituta eta pilota gutti galduz. Tuteran jaiotako atzelaria azkenaldian sarritan ari da finaletaraino heltzen, baina gaur ere ezin izan zuen txapelik jantzi. 15 urterekin, aurten Gaminderekin Binakako txapela jantzi duen Alize Sagardui goizuetarrak ere partida polita jokatu zuen, esaterako dejadaz 4 tanto ere eginda, bikotearen unerik zailenean ere, 17-11 joan dira atzetik, aurrera pausu bat eman eta gorrien erreakzioan funtsezkoa izan zen, baina azkenerako ezin izan zuen denboraldia beste txapel handi batekin borobildu.
Promesa mailan ere, Dunixe Alberro iturendarrak galdu
Promesa mailako finalean, Nahia Sorondo eta Arene Reyk 18-12 irabazi zieten Intza Arrutiri eta Dunixe Alberro iturendarrari. Lehen erdi orekatu baten ondotik, azken txanpan Donostiako Alde Zaharreko klubeko pilotariak askoz sendoago aritu ziren, erabaki egokiagoak hartu zituzten eta merezitako garaipena eskuratu zuten.
Gazte mailan, Intza Labakak hartu behar izan zuen ostiralean hatz batean min hartu zuen Intza Agirreren lekua eta berak eta Ainere Azpiazuk 18-9 irabazi zieten Eider Perez eta Malen Gonzalez bizkaitarrei. Irabazleak nagusi izan ziren partida osoan, bereziki Ainere Azpiazu, atzetik indartsu aritzeaz gain, tantoak bikain amaituta.