ERREMONTEA

Reyno Gourmet Sari Nagusiko finalerdietako joaneko partidak asteburuan jokatu dituzte Caparroson eta Atarrabian

Ttipi-Ttapa

Eloy Otxandorena eta Ion nagusitu ziren astelehenean Atarrabian jokatutako lehen mailako finalerdiko joaneko partidan.

Nafarroako txapelketa akitu orduko, asteburu honetan abiatu da Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Binakako Erremonte Profesionaleko-Reyno Gourmet Sari Nagusia. Lehen mailan lau bikote ari dira eta promozio mailan bertze lau. Finalerdien joaneko partidak asteburu honetan jokatu dituzte, larunbatean Caparroson eta astelehenean Atarrabian.

Lehen mailako finalerdietako lehen partidetan Matxin III.a eta Mitxeo eta Otxandorena eta Ion gailendu dira

Larunbat arratsaldean Caparrosoko Foruen pilotalekuan jokatutako jaialdiko lehen partidan, promozio mailako finalerdietako joaneko partidan Zorion Zelaieta oiztarrak eta Agirrezabalak 35-26 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Baztani eta finalera sailkatzeko urrats handia eman zuten. Lehen mailako finalerdietako joanekoan, aldiz, aski estua izan zen eta Matxin III.ak eta David Mitxeo doneztebarrak 35-34 irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Barricarti. Finalerdi hauen itzulerakoak urriaren 24an jokatuko dituzte Etxarri Aranatzen.

Agirrezabala eta Zorion Zelaieta oiztarra garaile Caparrosoko promozio mailako finalerdietako joanekoan.

Astelehenean, Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan jokatutako jaialdiko promozio mailako finalerdian, Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrek 35-32 irabazi zieten Koteto Ezkurra III.a doneztebarrari eta Markel Leatxe donamariarrari. Lehen mailako finalaurrekoan, berriz, Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek 35-30 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Otanori. Finalerdi hauen itzulerakoak urriaren 16an jokatuko dituzte Altsasun.

Xuban Ilarregi eta Mikel Mikelarena oiztarrek irabazi zuten Atarrabiako promozio mailako finalerdietako joaneko partida.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun