Eguna baliatuz, «espainiar kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida pairatzen duten herri guziei gure elkartasuna adierazten» hasi zuten agerraldia. Elkartasun horretan, «ardura bikoitza dugu euskaldunok. Alde batetik, gure herria zapaltzen duten estatuek, Espainiak eta Frantziak, Euskal Herrian zein beste herrien kontra aitzinera eramaten dituzten politika eta jarrera zapaltzaile guztien aurka egitea dagokigu, supremazismo europar eta zuriaren logikak salatuz eta haiei aurre eginez».
Bertzetik, «Euskal Herritik, euskaratik eta euskaraz, gure kultura eta hizkuntza aldarrikatu behar ditugu. Izan ere, gure hizkuntza eta kulturak ekartzen dituen mundu-ikuskerak, kolonialismoak zein inperialismoak inposatu nahi duten homogeneizazioaren aitzinean erresistentziarako tresna ezinbestekoak dira. Aldi berean, gure esku dagoena egin behar dugu euskara eta euskal kultura Euskal Herrian herri zapalduen arteko elkartasuna bultzatzeko izan daitezen. Ez dugu onartuko euskara izatea diskurtso faxistak elikatzeko tresna. Alderantziz, euskarak faxismoaren aitzinean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar du».
Hori dela eta, «Espainiar zein Frantziar Estatuek gure kulturaren eta hizkuntzaren desagerpena helburu duten politika eta lege asimilatzaileak» salatu zituzten. «Aspalditik ezagutzen ditugu euskararen eta euskaldunon kontrako legeak, horietako bat dugu Nafarroa Garaiko Vascuencearen legea. Heldu den abenduaren 15ean 40 urte beteko dira lege zapaltzaile hori parlamentuan onartu zenetik».
Abenduaren 15ean nazio mailako ekimena abiatu dute, «lege zapaltzailea salatzeko eta Euskal Herri osoan euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna aldarrikatzeko». Euskal Herri osoan mobilizazioak antolatzera gonbidatu dituzte euskaltzale guziak, Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain! lelopean. Bakoitzak nahi duen gisara egin dezake mobilizazioa eta egun horretan, 19:00etan, Euskal Herrian euskaraz kantatuko dute denek.
Bitartean, eskualdeka batzar irekiak eginen dituzte, «abenduaren 15eko ekitaldia aurkezteko» eta «estatu zapaltzaileek euskara desagerrarazteko aspalditik egiten duten ahaleginari buruz eta horri aurre egiteko borrokari buruz eztabaidatzeko».