Jasangarritasunari eta ingurumenari gero eta garrantzia gehiago ematen dion jendarte honetan, erregai fosilen alternatiba onak dira auto elektrikoa eta hibridoa. Azken urteetan aitzinamendu handiak egin dituzte ibilgailu hauen teknologian, baina bertze ibilgailuekin gertatzen den bezala, bere alde onak eta txarrak dituzte.
Abantailei dagokienez, gehien nabarmentzen dena da ingurumenarekiko errespetua, auto elektrikoak ez baitu gas kutsakorrik isurtzen. Gainera, gasolinazko autoak baino soinu guttiago ere egiten du, kutsadura akustikoa murriztuz. Azkenik, aurrezpen handia ekartzen ahal du: alde batetik kontsumo gastua ttikiagoa da eta zerga guttiago ordaindu behar da; bertzetik motor sinpleagoa du, konpontzeko errazagoa dena eta mantentzeko ere merkagoa; eta eragozpen guttiago izaten dituenez, aseguruaren poliza ere merkagoa izaten du.
Desabantailen artean autonomia falta du nabarmenena; auto elektrikoaren bateriak nahiko mugatuak izaten dira, ibilgailuaren arabera 150-450 kilometro ibiltzen gehienez. Gainera, kargatzeko puntu bereziak behar izaten dira eta zenbait ordu behar izaten ditu osorik kargatzeko, potentziaren arabera. Eta noski, autoak kutsatzen ez badu ere, kargatzeko behar duen energia elektrikoaren ekoizpena kutsakorra da, beraz, oraingoz ez dira % 100ean ekologikoak.
Auto elektrikoaren bateria kargatzeko denbora kargagunearen araberakoa izanen da. Adibidez, 3,7 kWko kargagune batean (autoa kargatzeko behar den guttieneko potentzia) 8 ordu beharko ditu, eta 7,4 kWko puntu batean 4 ordu. Noski, potentzia handiko kargaguneek kargatze denbora azkarragoak eskaintzen dituzte: 11 kWrekin 3 ordutan, 22 kWrekin ordubetean… Karga azkarreko puntuetan (50kW) bateriaren % 80 ordu erdiz kargatu daiteke. Azkenik, karga ultra azkarreko puntuetan (150 kW) 5-10 minutuz kargatu daiteke ibilgailua, horretarako prestatuak dauden autoetan.
Kargagailua etxean
Auto elektriko bat erostea erabakitzen baduzu, etxean kargagailua instalatzea konponbide erraza eta erosoa izan daiteke bateria kargatzen aritu behar izateari. Kargagailua paratzeko zenbait ezagutza tekniko behar dira eta legedia bete behar du, hortaz, hobe da profesionalengana jotzea. Hementxe dituzue segitu beharreko pausoak:
- 1. Hasierako ebaluazioa. Etxeko instalazio elektrikoa aztertu behar da, kontratatutako argindar potentzia eta koadro elektrikoaren gaitasuna egiaztatu eta kargagailua paratzeko lekurik aproposena erabaki. Kualifikatutako profesional batek lagundu zaitzake azterketa egiten.
- 2. Beharrezko tramiteak egin. Garaje komunitarioetan beharrezkoa da komunitateari jakinaraztea eta txosten teknikoa aurkeztea. Udalean, berriz, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, instalatzaileak sinatutako memoria teknikoarekin, eta hirigintza tasak eta ICIO zerga (Eraikuntza, Instalazio eta Obren gainekoa) ordaindu. Nafarroako udal aunitzek % 90erainoko bonifikazioak eskaintzen dituzte zergan, mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Merezi du zure udalean deskontu hori duten galdetzea.
- 3. Kargagailu egokia aukeratu. Potentziaren eta abiaduraren arabera, kargagailu mota aunitz daude eskuragarri merkatuan. Zure ibilgailuarekin bateragarria den modeloa aukeratu.
- 4. Karga puntuaren instalazioa. Instalazioarako teknikari espezializatu batengana jotzea da hoberena. Prozesu horretan kargagailua koadro elektrikora konektatu behar da, beharrezko babesak instalatu (diferentzialak eta magneto termikoak, adibidez) eta sistema konfiguratu karga eraginkorra bermatzeko.
Eta hemen zer?
Gutti badira ere, auto elektrikoak presentzia hartzen hasi dira eskualdean: 2024an 80 ibilgailu kontatu zituzten.
Eskualdean erabilera publikorako birkargatze puntuak ditugu hainbat herritan: Arizkunen (Ordokiko gasolindegian), Beran (Zalainen, Kultur Etxean, Ibardinen eta N-121-A errepideko gasolindegian), Elgorriagan (bainuetxeko aparkalekuan), Elizondon (plazan), Ezkurran (pilotaleku parean), Lesakan (Koskontako bidean), Leitzan (Landa industriagunean), Sunbillan (kanpineko aparkalekuan) eta Urdazubin (Dantxarinean).
Berako Udalaren ekimena
Auto elektrikoa herritarren eskura paratzeko helburuarekin, Berako Udalak eta Karkarcar kooperatibak auto elektrikoa hartzeko zerbitzua abiatu dute aurten. Udalak azaldu duenez, «ibilgailu pribatuan egindako joan-etorrien kopurua murriztea» da egitasmoaren helburua, «mugikortasun komunitarioko alternatiba bat eskainiz, erabiltzaileen beharrizan zehatzetara egokitua».
Martxoan abiatu zuten zerbitzua eta Beran erroldatuak daudenei dago zuzendua. Autoa erabiltzeko Karkarcar kooperatibako bazkide egin beharko da eta 60 euroko sarrera kuota ordaindu. Bazkide izanda, aplikazioaren bitartez erreserbatu daiteke autoa bere erabilerarako. Alokairuaren prezioa erabilera orduen araberakoa da: ordu bateko alokairuak 4 euro balio du; 5-10 ordu arteko erabilerak 20; 10-24 ordu artean ibiltzeak 35 eta 24-60 ordu artean ibiltzeak 60. Eta 60 ordutik goiti ibiltzeko erreserbatu nahi bada, 60 euroko prezioari euro bat gehitu beharko zaio ordu bakoitzeko. Kultur Etxe ondoko kargagunean kargatu daiteke autoa.
Udalaren erranetan, «herritarren zati bat udalerriko mugikortasun iraunkorraren kudeaketarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin konprometituta dagoela nabarmena da. Beraz, jende hau animatzen dugu urrats bat aitzinera egin eta zerbitzu hau komunitate osoaren ongizatearen mesedetan erabiltzeko».
