Gaur egun erregai fosilen prezioa eta argindar konpainien tarifak inoiz baino garestiagoak direnean, etxean eguzki panelak instalatzea, duen itzulkinagatik, inbertsio arrunt ona da: 5-8 urte arteko epean ordainketa amortizatua duzu eta, ekipamendu berberarekin, bi hamarkada baino gehiagotan elektrizitatea doan ekoizteko autonomia osoa izanen duzu.
Autokontsumorako instalazio fotovoltaiko batek, etxeko teilatuan paratuko panelak etxeko koadro elektrikora konektatzen ditu. Panelek egun argiz sortzen duten energiak zuzenean elikatzen ditu etxeko kontsumoak —hozkailua, etxetresna elektrikoak, klimatizazioa, auto elektrikoa kargatzea—, eta panelek nahikoa ematen ez dutenean soilik hartzen da argindarra saretik.

Eta zer egin sortzen den momentu berean kontsumitzen ez duzun elektrizitatearekin?
Hiru aukera dituzu:
- Bateriak: momentuan kontsumitzen ez den energia baterietan gordetzen da, gauez edo behar denean erabiltzeko. Bateriak gero eta errentagarriagoak dira, eta soberakinei probetxurik onena ateratzen zaie horrela.
- Soberakinen konpentsazioa: zure argindar hornitzaileak fakturatik deskontatuko dizu sarera isuritako energiaren balioa hilabeteko fakturan. Hauxe da aukerarik ohikoena etxebizitza batean.
- Soberakinak argindar sarera bidali gabe: kasu jakin eta zehatz batzuetan soilik da egokia.
| Instalazioaren prezioa aldatzen da segun eta instalatutako potentziaren (kWp) eta bateriarekin edo bateriarik gabe den. Hauek dira 2026an dauden prezio orientagarriak, gastu denak sartuta. |
|||
| Etxe tipoa | Potentzia | Bateriarik gabe | Bateriarekin |
| Pisua / kontsumo ttikia |
2-3 kWp |
3.000-4.500 € | 6.000-8.500 € |
| Etxebizitza ertaina |
3-5 kWp |
4.500-7.000 € | 8.000-12.000 € |
| Etxe handia, auto elektrikoarekin |
5-8 kWp |
7.000-11.000 € | 12.000-18.000 € |
Argiaren fakturan, zenbateko aurrezpena izan dezakegu urte batean?
Zuzeneko aurrezpenak ohiko etxebizitza baten urteko kontsumo elektrikoaren % 50 eta % 70 bitartean estaltzen ahal du. 2026an elektrizitateak duen bana bertzeko prezioa kontuan hartuta, horrek erran nahi du:
- Instalazio ttiki baten kasuan (3 kWp): 400 eurotik 550 eurora bitartean aurrezkia izan daitekeela urteko fakturan.
- Instalazio estandar baten kasuan (4-5 kWp): 600 eurotik 900 eurora bitartean aurreztu ahal litzateke urteko fakturan.
Horiek horrela, eta 2026ko prezioak kontuan hartuta, inbertsioa amortizatzeko epea 4-8 urte artekoa litzateke, betiere soberakinen konpentsazioaren arabera eta desgrabazio fiskala kontuan hartuta.
Aholku garrantzitsua
Eguzki panelek eguneko argiarekin sortzen dute energia. Hortaz, komenigarria da aurrezpena ahalik eta handiena izateko etxeko kontsumorik gehiena (labea, arropa eta ontzi garbigailuak edo autoa kargatzea) eguerdira mugitzea, eguzki panelak bete-betean ari direnean energia sortzen.
Aurreikusitako ekoizpena (kWp)
Nafarroako iparraldean, instalatutako 1 kWp bakoitzak 1.050-1.200 kWh ekoizten ditu urtean, hegoaldean baino eguzki erradiazio ttikiagoa delako. Halere, egia da urte batetik bertzera eguzki orduak alda daitezkeela, baina, klimaren bilakaera ikusita, joerak ez du ematen orduak murriztuko direnik.
- 3 kWp-eko potentzia instalaturako (6-7 eguzki panel), urteko ekoizpena 3.300 - 3.600 kWh ingurukoa da.
- 5 kWp-eko potentziarako (10-12 panel), urteko produkzioa 5.250 - 6.000 kWh ingurukoa da.
Nafarroako Ogasunak %15 eta %30 arteko desgrabazio fiskala errenta aitorpenean
Autokontsumo elektrikoko instalazioetan egindako inbertsioengatik, pertsona partikularrek %15 eta %30 arteko kenkaria aplika dezakete errentaren aitorpenean. Hasteko:
- % 15eko oinarrizko desgrabazioa: energia berriztagarriak instalatzeagatik.
- +% 10 gehiago autokontsumo elektrikora bideratua bada.
- +%10 gehiago bateria ere instalatuz gero.
- +%5 gehiago autokontsumo partekatua edo bizilagunen komunitate bat izanez gero.
Saihestu beharreko akatsak
- Instalazioa gaindimentsionatzea: zure kontsumoak eskatzen duen panel kopurua baino gehiago jartzeak inbertsioaren amortizazioa luzatuko eginen dizu, aurrezpen proportzionalik ekarri gabe.
- Kasu eman panelak dituzun teilatuan itzalak sortzen badira: tximinia baten edo inguruko zuhaitz baten itzalek eguzki panelen efizientzia nabarmen kaltetu dezakete.
- Auto elektrikoa ahaztea instalazioa diseinatzerakoan: ibilgailu entxufagarri bat erostea aurreikusi baldin baduzu, dimentsionatu panel eta bateria kopurua kargagailuan pentsatuz.
- Materialak prezioagatik bakarrik aukeratzea: hartu kontuan 25 urterako inbertsio bat egiten ari zarela.
Azken ondorioa:
autokontsumorako instalazio fotovoltaiko batean inbertitzea, zentzuz jokatzea da
Gaur egun erregai fosilen prezioa eta argindar enpresen tarifak inoiz baino garestiagoak direnean, familia bakarreko etxebizitza batean autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzea ez da kapritxo ekologiko bat. Eta are gutiago argiaren fakturan datorren aurrezpena berehala ikusten denean, etxeak balioa irabazten duenean eta ekipamendu berberekin hamarkadetan energia garbiarekin hornikuntza segurtatua dugunean.
Hori bai, eskatu aholkua sektoreko profesionalei. Izan ere, instalazio errentagarri baten eta erdipurdiko instalazio baten arteko aldea instalazioaren diseinuan, dimentsionamenduan eta legeztatzeko tramiteak egoki betetzean dago.