Reyno Gourmet Sari Nagusiko finalerdiak asteburuan jokatuko dituzte Caparroson eta Atarrabian

Ttipi-Ttapa

Xanti Uterga doneztebarra eta Matxin III.a beteranoak aurrez aurre izanen dira aitzineko koadroetan larunbatean Caparroson.

Nafarroako txapelketa akitu orduko, asteburu honetan abiatuko da Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Binakako Erremonte Profesionaleko Reyno Gourmet Sari Nagusia. Lehen mailan lau bikote ariko dira eta promozio mailan bertze lau. Finalerdien joaneko partidak asteburu honetan jokatuko dituzte, larunbatean Caparroson eta astelehenean Atarrabian.

Lehen mailako eta promozio mailako joaneko partidak jokatuko dituzte eta itzulerakoak hilaren 16an Altsasun eta 24an Etxarri-Aranatzen jokatuko dituzte

Urriaren 10ean, larunbatean 18:00etan Caparrosoko Foruen pilotalekuan hasiko den jaialdiko lehen partidan, promozio mailako finalerdietako joaneko partida jokatuko dute Jon Sagaseta iruritarra eta Baztan, Zorion Zelaieta oiztarraren eta Agirrezabalaren kontra. Lehen mailako finalerdietako joanekoan, berriz, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.

Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion bikote kide izanen dira txapelketa honetan. Astelehenean, Atarrabiako finalerdian, Zeberio II.a eta Otano izanen dituzte arerio.

Urriaren 12an, astelehenean, Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan jokatuko den jaialdiko promozio mailako finalerdian, Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrak, Kotetto Ezkurra III.a doneztebarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira. Lehen mailako finalaurrekoan, berriz, Zeberio II.a eta Otano, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra.  Finalerdien itzulerakoak urriaren 16an Altsasun eta 24an Etxarri-Aranatzen jokatuko dituzte eta final nagusia urriaren 31n Luzaiden.

Caparrosoko eta Atarrabiako biltzen den dirua ADANO elkartera bideratuko dute eta Altsasuko eta Etxarri-Aranatzeko jaialdietan biltzen dena, berriz, Josefina Arregui klinikara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun