Hiru Hiriburuak txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan

Ttipi-Ttapa

Bilboko Bizkaia pilotalekuan egin zuten asteazkenean Hiru Hiriburuak pilota txapelketaren finalen aurkezpena. Ezkerrean, Arrate Bergara eta Alize Sagardui eta eskuinean, Udane Ozaeta, elite mailako lau finalistetatik hiru. Aizane Ibarrola falta da.

Elite mailan, Alize Sagardui goizuetarra eta Bergara, Ibarrola eta Ozaetaren kontra ariko dira eta promesa mailakoan, Arruti eta Dunixe Alberro iturendarra, Sorondoren eta Reyren kontra.

Etenaldi baten ondotik, Bilboko Bizkaia Pilotalekuak lehen mailako eskuzko final handi bat hartuko du igande honetan, emakumezkoen Hiru Hiriburuak txapelketari esker. Gasteizen jokatutako 44 partidatako maratoiaren eta Donostiako finalerdi ikusgarrien ondotik, urriaren 11n jokatuko dituzte hiru kategorietako finalak.

Elite mailako finala igande eguerdian jokatuko da eta ETB-1eko kamerak bertan izango dira. Final honek, gainera badu pizgarri berezi bat, Hiru Hiriburuak txapelketako palmaresak izen berriak izanen baititu aurtengo ekitaldian, Alize Sagardui goizuetarra eta Bergara eta Ibarrola-Ozaeta izanen baitira igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan lehiatuko diren pilotariak, hiru pilotari oso gazte eta, dagoeneko final ugaritan aritutako Arrate Bergara. 

Tuteran jaiotako atzelariak, gainera, txapelketa honen eta Bizkaia frontoiaren oso oroitzapen onak ditu, 2023an, Miribillako harmailak goraino beteta zirela, bertan lortu baitzuen orain arteko bere garaipenik handiena, Amaia Aldairekin txapela jantzita. 

Alize Sagarduik ere badu esperientziarik goi mailako finaletan, aurten bertan Binakako txapelketakoa jokatu baitzuen Eibarko Astelenan, baita txapela jantzi Enara Gaminderekin batera. 

Aizane Ibarrolak ere Laukizko atzelariarekin bikotea osatuta, irabaziak ditu San Fermin eta Plazandreak torneoetako txapelak, baina oraingo honetan bikotearen zama hartu beharko du, Udane Ozaeta arabarrarentzat maila honetako lehen finala izango baita igandekoa. 

Sagardui-Bergarak esperientzia handiagoa dute garrantzi honetako partidak jokatzen eta alde horretatik faboritoago atera daitezke, baina finalera heltzeko Ibarrola-Ozaetak ere sekulako maila eman dute eta lehia bizia espero da prestigio handiko txapel hauek eskuratzeko. 

Promesa mailan, Dunixe Alberro iturendarra finalean

Eta ezin ahaztu final nagusiaz harago, Bilboko Bizkaia pilotalekuak beste bi final handi ere hartuko dituela. Azpiazu-Agirrek eta Perez-Gonzalezek jokatuko dute gazteen mailako txapela eskuratzeko lehia eta Arruti eta Dunixe Alberro iturendarrak eta Sorondo-Reyk promesen mailakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun