Izarra beilatokiak bere lehenbiziko argazki lehiaketa solidarioa abiatu du Nafarroa mailan

Ttipi-Ttapa

Urriaren 25era arte parte hartzen ahalko da lehiaketan eta argazki aukeratuak 1.500 euroko saria izanen du: 500 euro argazkilariarentzako eta 1.000 euro aukeratzen duen elkartearentzako

Izarra Nafarroako beilatoki sareak bere lehenbiziko argazki lehiaketa solidarioa abiatu du aurten, 2027ko egutegia osatuko duten sei irudiak aukeratzeko. 18 urtetik goitiko edozeinek parte har dezake lehiaketan, argazkilari afizionatua zein profesionala izan, eta izen ematea doakoa da. 'Nafarroa' izanen da lehiaketaren gaia eta bertako lurralde, ondare, natura, tradizio, gastronomia, kultura edo bizimodua irudikatu beharko dute argazkiek.

Urriaren 25era arte parte hartzen ahal da lehiaketan. Batzorde batek modu anonimoan aukeratuko ditu egutegiko sei argazkiak eta urriaren 29an Instagramen argitaratuko dituzte. Orduan herri bozketa eginen dute, azaroaren 10era arte irekia, egutegiaren azaleko irudia aukeratzeko. Irudi irabazleak saria izanen du: 500 euro argazkilariarentzat eta 1.000 euro aurrez hautatutako gizarte erakunde batentzat. Erakunde horien artean daude Proyecto Hombre, Adano, Saray, Paris 365 jantoki solidarioa eta Goizargi.

Lehiaketaren baldintzak eta izena ematea eskuragarri daude izarratanatorio.com webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun