Mugairiko Kontserbazio Zentroaren mendeko 56 errepideen kontserbazioa esleitu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa

Baztan-Bidasoaldeko errepideen mantentze lanak eginen ditu Mariezkurrena eraikuntza enpresak 2030 urtera bitarte. Argazkian, N-121-A errepideko Sunbillako ipar aldeko lotunea.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Oronoz-Mugairiko Kontserbazio Zentroaren mende dauden 56 errepideen kontserbazio lanak esleitu dizkio Construcciones Mariezcurrena enpresari, 19,6 milioi euroren truke (BEZa barne). Kontratuak 2030 urtera arte iraunen du eta Nafarroako iparraldeko errepide sareko 416 kilometrotan jarduketak eginen dira.

Esleipenean sartzen dira N-121-A eta N-121-B errepide nagusiak, Alduderako NA-138 errepidea, Doneztebetik A15 autobidera doan NA-170 errepidea eta bertze 52 errepide. Jarduketa hauek aurreikusi dituzte, bertzeak bertze: Baztan-Bidasoaldeko bideetan neguko bidezaintza lanak egitea; bidezaintza eta larrialdiei erantzutea; bide horiek mantentzea galtzadak, bazterbideak eta arekak garbituz, eta bideak garbi mantentzeko beharrezkoak diren belar-sastrakak garbitzea, mozketak eta inausketak egitea.

Horrez gain, Mugairiko Kontserbazio Zentroa honako gai hauetaz arduratuko da: bide-zolen konponketa; drainatze-lanak; zuloak kentzea; balizajeen premiazko hartunea; segurtasun hesi berriak jartzea; seinalizazioak edo balizajeak berritzea; bide-markak pintatzea eta berriz pintatzea, edo ezohiko larrialdiei aurre egitea.

Nafarroako bide-sarearen kontserbazioak noizbehinkako jarduketak ere barne hartzen ditu, hala nola, trazadura zuzentzea ikuspen faltagatik, arrailak ixtea, ezpondak saneatzea eta sendotzea, eta hormak eraikitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun