Bi urtean behin egiten da Urdazubin Burgete arrazako zaldi eta behorren feria. Aurten urriaren 4an izan zen hitzordua. Goiz goizetik ikusnahi handia sortu zuen 25 ganadutegitatik ekarritako animalien ailegatzeak. Guztira 158 zaltabere ekarri zituzten, ar eta eme, kumeekin edo gabe. Hala, hamalau kategoriatan lehiatu zuten ganadutegiek, urteka bereiziak. Emeen arteko irabazle absolutua eta arren arteko irabazle absolutua ere izendatu zituzten.
Hamalau kategorietatik hamaikatan Legasako Indart-Ariztegi ganadutegiak eraman zituen sariak, ar eta eme onenen saria barne. Lortu ez zituen bakarrak honako hiru kategoriatako sari hauek izan ziren:
- 2025ean sortutako emeak: Iruritako Joseph Mitxelena Larzabalek irabazi zuen.
- 2025ean sortutako arrak: Arribe-Atalluko Ricardo Amondarain Mikeok irabazi zuen.
- 2018an edo lehenago sortutako arrak: Erratzuko Etxaide anaien ganadutegiak irabazi zuen.
Honetaz gain, Ascana elkarte antolatzaileak Indart ganadutegi Jose Antonio Indart nagusiari omenaldia egin zion, arraza honen alde egindako sustapen lan guztiagatik. Makila eta plaka eman zitzaion ganadutegiko nagusiari.
Bertze urtetan bezala, aurten ere jende andana bildu zen frontoi ingurura. Aipatzekoa da Guraso Elkarteak eta herriko gazteriak txosna eta ogitartekoak eskaini zituela . Gainera, auzolanean, bi zozketa ere antolatu zituzten: saski eder bat eta xingar bat, eta Peio bentan gastatu ahal izateko 50 euroko bonua zozketatu ziren. Bi sariak herrian gelditu dira, saskia Ione Bengotxeak eraman baitu eta bertze saria Marivi Otheguyk.
Eguraldia lagun eta herri osoa lanean, giro ederra sortu zen urriaren 5ean. Animaliez eta jan-edatekoez gain, artisau azokaz gozatzeko aukera ere izan zen goizean. Aurtengoa pasatuta, hurrengo edizioaren zain egon beharko dugu Urdazubi berriz ere zaldi eta behorrez betea ikusteko.