Alize Sagardui eta Dunixe Alberro Hiru Hiriburuak txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa

Capellan, Etxegarai, Alize Sagardui goizuetarra eta Bergara, elite mailako lehen finalerdiaren aurretik. Gorriek irabazi eta finalerako lehen txartela lortu zuten.

Urriaren 11n Bilbon jokatuko diren finaletan, elite mailan, goizuetarra Bergararekin jokatuko du Ibarrolaren eta Ozaetaren kontra eta, promesa mailan, iturendarrak, Arrutirekin, Sorondo eta Reyen kontra

Emakume Master Cup zirkuituko Hiru Hiriburuak torneoko finalerdiak jokatu dituzte igande goizean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Eskualdeko pilotariei dagokienez, Alize Sagardui goizuetarra elite mailan eta Dunixe Alberro iturendarra promesa mailan,  datorren igandean Bibon jokatuko diren finaletan izanen dira.

Elite mailan Alize Sagardui goizuetarra finalean izanen da

Izan ere, elite mailako lehen finalerdian, Alize Sagardui Lekuona goizuetarrak eta Bergarak 22-16 irabazi zieten Etxegarairi eta Capellani eta, bigarrenean, Ibarrolak eta Ozaetak 22-17 irabazi zieten Benitori eta Aldairi. Beraz, finalean, Sagardui eta Bergara, Ibarrolaren eta Ozaetaren kontra ariko dira.

Promesa mailako finalerdian, Amaiur eta Ainize Martinez ahizpa lesakarrak, Dunixe Alberro iturendarra eta Arruti, promesa mailako finalerdian. Gorriek tanto bakarreko aldearekin lortu zuten finalerako txartela.

Promesa mailan, Iturengo Alberro finalera, Lesakako Martinez ahizpak doi-doi kanporatuta

Promesa mailako lehen finalerdian, eskualdeko hiru pilotari ikusteko aukera izan zen eta lehia ikusgarris eskaini zuten. Azkenean, Arrutik eta Dunixe Alberro Isasi iturendarrak 18-17 irabazi zieten Lesakako Amaiur eta Ainize Martinez Olazabal ahizpei. Bigarren finalerdian, Sorondok eta Reyek 18-10 irabazi zieten Egizabali eta Berasaluzeri.

Gazte mailako finalerdietan, azkenik, Azpiazu eta Agirrek 18-4 irabazi zieten Sandiari eta Goikoetxeari eta Perezek eta Gonzalezek 18-12 irabazi zieten Labakari eta Aizpuruari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun