Joana Irazoki igantziarra eta Joseba Arraztoa iruritarra frontballean Espainiako txapeldun

Ttipi-Ttapa

Espainiako federazio arteko txapelketan txapeldun izan den Nafarroako ordezkaritza. Bortz pilotarietatik lau eskualdekoak dira, Igantziko Joana Iratzoki eta Iruritako Mikel Iñarrea, Joseba Arraztoa eta Mikel Agerralde.

Federazio arteko txapelketa jokatu da asteburuan Ezkabarten eta kadete mailan irabazi dute txapelketa; infantil eta jubenil mailan, Mikel Agerralde eta Mikel Iñarrea iruritarrak txapeldunorde izan dira.

Jubenil, kadete eta infantil mailako Espainiako federazio arteko frontball txapelketa jokatu dute asteburu honetan Ezkabarten eta Nafarroa suertatu da txapeldun sailkapen orokorrean. Horretan zerikusi handia izan dute eskualdeko pilotariek ere. Izan ere, kadete mailan txapeldun suertatu dira Joana Iratzoki Arbues igantziarra eta Joseba Arraztoa Ugalde iruritarra. Infantil mailan, txapeldunorde izan zen Mikel Agerralde Saharrea iruritarra eta jubeniletan ere, ezin izan zuen finala irabazi Mikel Iñarrea Ariztia iruritarrak.

Kadete mailako nesken finalean, Joana Iratzoki igantziarrak bi jokoak irabazi zizkion Gaztela-Leonen izenean aritu zen Maddi Ugalderi (8-2 eta 8-4)

Joana Iratzoki igantziarra txapeldun kadete mailan.

Kadete mailako mutilen finalean, berriz, Joseba Arraztoak hiru joko behar izan zituen Errioxako Gonzalo Ruiz menpean hartzeko (8-4, 7-8 eta 5-0).

Infantil mailako mutikoen finalean Mikel Agerralde iruritarrak galdu egin zuen Errioxako Izan Lopezen kontra (7-8 eta 2-8).

Jubenil mailako mutiletan ere, Mikel Iñarrea iruritarrak lehen jokoa irabazi arren, ondoko biak galdu egin zituen Kataluniako Cezary Botaren kontra (8-3, 3-8 eta 1-5).

Kategoria honetako neketan Maria Crespo nafarrak irabazi zion Gaztela-Leongo pilotariari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun