Gasteizko pilota maratoiaren ostean, Donostiari dagokio orain Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko diren Emakume Master Cup zirkuituko Hiru Hiriburuak torneoko finaletarako txartelak banatzearen txanda eta Atano III.a bezalako pilotaleku historiko batek hartuko ditu, igande honetan, maila guzietako finalerdiak. Elite mailan, Alize Sagardui goizuetarra izanen da eskualdeko pilotari bakarra.
Igande goizeko hamarretatik hasita, hiru mailetako (gazteak, eliteak eta promesak) sei finalerdi jokatuko dituzte.
Lehenik, gazte mailako finalerdiak jokatuko dituzte, eskualdeko pilotaririk gabe: batetik, Azpiazu eta Agirre, Sandiaren eta Goikoetxearen kontra eta, bertzetik, Labaka eta Aizpurua, Perezen eta Gonzalezen kontra.
Elite mailan Alize Sagardui goizuetarra
Segidan, 12:00etan, elite mailan, Alize Sagardui goizuetarrak eta Bergarak, Etxegarairen eta Capellanen aurka jokatuko dute eta Benito-Aldaik Ibarrola-Ozaetaren aurka. Pilotari hauetariko gehienak joan den asteburuan jokatutako San Mateo eta Udako Master Laboral Kutxa torneoetako finaletan aritu ziren eta euren momentu ona luzatu eta prestigio handiko Hiru Hiriburuak lehiaketako palmaresean euren izenak ezartzeko irrikaz daude.
Promesa mailan, Lesakako Martinez ahizpak eta Iturengo Alberro aurrez aurre
Promesa mailako lehen finalerdian, azkenik, eskualdeko hiru pilotari ikusteko aukera izanen da. Izan ere, Arruti eta Dunixe Alberro iturendarra, Lesakako Amaiur eta Ainize Martinez ahizpen kontra ariko dira. Bigarren finalerdian, Egizabalek eta Berasaluzek, Sorondo eta Rey izanen dituzte arerio.